}

Sua, Australiako animalia handiak desagertzeko beste arrazoi bat

2005/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gizakiak eragindako suteak omen dira Australiako hainbat animalia handi desagertu izanaren arrazoia, Coloradoko Unibertsitateko adituen arabera.

Antza denez, duela 45-50 mila urte (gizakia Australiara iritsi zen garai berean) animalia-espezie asko desagertu ziren. Bada, eragileetako bat izan liteke gizakiak suteak eragin izana, eta, ondorioz, landaredia aldatu izana, garai hartako animaliek dieta aldatu zutela ikusi baitute.

Animalien dieta aztertzeko, arrautza-oskolak erabili dituzte, emuarenak (Dromaius novaehollandiae) eta haren antzeko beste hegazti batenak (desagertutako Genyornis newtoni). Eta ikusi dute emua belar elikagarriak jatetik zuhaixkak jatera pasatu zela —ekosistema berrira egokitu egin zen—; G. newtoni-k aldiz, apenas aldatu zuen dieta, eta horregatik desagertu bide zen.