}

Suaren arriskuan

1988/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eraikuntza, areto eta abarretan sute bat gertatzen denean, argiteria eta beste instalazio elektrikoek huts egiten dute eskuarki. Jendeari orduan zail gerta dakioke azkar ihes egitea. Areto publikoen arautegiaren arabera, horrelako kasuetan bateriaz elikatutako argikuntza motel batek funtzionatzen hasi behar du ihesbidea non dagoen adierazteko. Argi hauek ordezkatzeko badira merkatuan produktu fotoluminiszente batzuk, baina adituak ez zeuden oso ziur beraien efektibotasunaz.

Britainia Haundian berriki egin diren azterketa batzuek aditzera eman dutenez, jendeak berdintsu korritzen du pintura fotoluminiszentez pintatutako korridore eta eskaileretan eta emergentzi argiz argiztatuetan.

Material fotoluminiszenteek argiaren energia absorbatzen dute eta ondoren gradualki askatzen dute. Argi natural zein artifizialak kargatzen ditu. Etengabe igortzen dute, baina inguruko argiztapena maila batetik behera pasatu arte ez dute gure begiek hori nabaritzen. Aztertutako materialek argiztapena bukatu eta ordubetez jarraitzen zuten argitzen.

Dudarik gabe pintura fotoluminiszente hauek baliagarriak izan daitezke sutetan biziak salbatzen laguntzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia