}

Suediara heldu ez zen orbana

2003/06/10 Elhuyar Zientzia

Joan den maiatzaren 31n Fu Shan Hau ontzi txinatarra hondoratu egin zen Baltikoan eta 100 tona petrolio galdu zituen. Petrolio horrek 39 kilometro karratuko orbana osatu zuen. Goiko argazkia Europako Espazio Agentziaren ERS-2 sateliteak egin zuen ekainaren 2an eta orbana Suediako kostatik oso gertu agertzen da (eskuinean behean). Zorionez, orbana ez zen Suediako kostara heldu, Suedia, Danimarka eta Alemaniak itsasoratutako sei ontzik petrolio ia gehiena itsasoan biltzea lortu baitzuten. Hala ere, arriskua ez da desagertu, ontziak 66.000 tona ongarri eta 1.600 tona petrolio baitauzka oraindik barruan.

ESAren ERS-2 satelitearen berri Prestige hondoratu zenean izan zuten askok, orduan ere argazki esanguratsuak egin baitzituen. Argazkiak egiteko, SAR radarrak bildutako datuez baliatzen da satelitea. Radarra azalera desberdinen zimurtasun erlatiboan oinarritzen da datuak biltzeko eta, uraren eta petrolioaren arteko aldea handia denez, orbanei jarraitzeko oso baliagarria da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia