}

Suge pozoitsuen letaginen eboluzioa argitu dute

2021/08/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

suge-pozoitsuen-letaginen-eboluzioa-argitu-dute
Bitis gabonica suge pozoitsuaren letaginak. Arg. Brian Mckay/CC-BY

Gaur egun bizi diren 4.000 suge-espezietatik, 600 inguru dira arriskutsuak gizakientzat, haien pozoia dela eta. Zientzialariek ez zekiten azaltzen zergatik suge pozoitsuen letaginek behin baino gehiagotan eta desberdinetatik eboluzionatu duten, beste narrastietan ez bezala. Australiako Monash Unibertsitateko ikertzaile batzuek Proceedings Of The Royal Society B aldizkarian eman dute erantzuna: sugeen hortz arruntentzat oso erraza da orratz hipodermiko bihurtzea.

Pozoin-letaginak hortz moldatuak dira, artekatuak, eta gertuko beste hortzak baino handiagoak. Ahoaren atzeko aldean edo aurreko aldean egon daitezke, eta finkoak edo artikulatuak izan daitezke. Izan ere, suge pozoitsuen bost talde handi daude, eta bakoitzak ditu bere berezitasunak.

Australiako ikertzaileek, nazioarteko beste batzuekin elkarlanean, modelizazioa, fosilen azterketa eta tomografia konputerizatua eta mikroskopia erabili dituzte, besteak beste, 81 espezieren hortzak ikertzeko, eta ikusi dute sugeek, hortzen oinarrian, errai txikiak edo zimurrak dituztela. Suge pozoitsuetan, zimur horietako bat sakonago bihurtzen da, eta hortzaren muturreraino luzatzen da, ildaska pozoitsu bat eta letagin bat sortuz. Nonbait, bost taldeetan gertatu da mekanismo hori, baina, bakoitzean, bere erara.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia