Suizidiorako joeran geneek zeresana badutela ondorioztatu dute
2018/11/22 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lehen aldiz, azterketa bat egin dute argitzeko suizidiorako joeran geneek zeresanik ba ote duten, eta emaitza baiezkoa izan da. Utah-eko Unibertsitateko zientzialariek egin dute ikerketa, beren buruaz beste egin duten pertsonen DNA aztertuta. Ikertzaileen arabera, bizipenek eta inguruak eragin handia dute suizidiorako pentsamenduak izaten dituztenengan, baina alderdi genetikoak ere badu zeresana suizidioa gauzatzera iristen diren kasuetan.
Ikerketa egiteko, beren buruaz beste egin duten 4.500 pertsonaren DNA-laginetatik abiatu dira: suizidio-tasa handiak dituzten 45 familia aukeratu dituzte, azken 9 belaunaldietako informazio genealogikoa ere eskura dutenak. Hala, lau genetan identifikatu dituzte suizidiorako joera eragin dezaketen aldaerak.
Ikertzaileen esanetan, ordea, lau gene horiez gain, badira ikertu beharreko beste gene batzuk ere, suizidiorako joeran eragina izan dezaketela aurreikusita. Horietatik batzuk hanturazko prozesuekin erlazionatu izan diren geneak dira, hortaz, litekeena da nolabaiteko lotura egotea hanturaren eta osasun mentalaren artean, azken urteotan indarra hartzen ari den hipotesiek dioten bezala. Molecular Psychiatry aldizkarian argitaratu da lana.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia