}

Sumendiek negua nahiago

2004/05/10 Elhuyar Zientzia

Ipar hemisferioko neguetan aktiboagoak izaten dira hemisferio bietako sumendiak, eta itsas mailaren aldaketek zerikusi handia izan dezakete horrekin.

Aspaldiko kezka da sumendien erupzioak zergatik gertatzen diren gertatzen direnean, eta galdera horri erantzun nahi izan dio geologo-talde batek. Azken 300 urteetan mundu osoan gertatu diren erupzioen ikerketa estatistikoa eginez ikusi dute Ipar hemisferioko neguetan aktiboagoak izaten direla hemisferio bietako sumendiak. Joera hori, gainera, bereziki nabarmena da Pazifikoan.

Arrazoien artean, itsas mailaren aldaketek zerikusi handia izan dezaketela aurkitu dute. Izan ere, Ipar hemisferioan lur gehiago dagoenez, neguan elur eta euri gehiago geratzen da kontinenteetan gordeta. Horrek itsas mailaren aldaketa txiki baina egonkorra eragiten du, eta aldaketa hori izan daiteke erupzioak gertatzea bultzatzen duena.

Epe luzeagoko datuekin konparatuz ikusi dute, bestalde, itsas mailaren aldaketa azkarrak gertatu direnean, adibidez glaziazioetan, erupzio gehiago gertatu direla mundu osoan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia