Sumendien jarduera satelite bidez
2002/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Satelite bidez jasotako datuak aztertuta, Andeetako lau sumendi aktiboenak identifikatu dituzte Kalifornia Teknologia-Institutuko geofisikariek. Datuak 1992-2000 urteen bitartean jaso dituzte ESAko bi satelitek (ERS 1 eta 2), radar-interferometriaren bidez. Guztira Andeetan sailkatuta dauden 1.100 sumendietatik 900 aztertu dituzte.
Metodo horren bidez sumendien azaleko aldaketak neurtu dituzte hara joan beharrik gabe. Horretarako, radar-seinalea bidali eta itzuli arteko denbora neurtu dute. Sateliteak berriz ere toki beretik pasatzean, neurketa berria egiten da, eta, denbora desberdina bada, azalean aldaketa izan dela adierazten du. Aldaketa horiek sumendien jardueren ondorio dira: laba-isurketak, lurrikarak, lurpeko magmak edo urek eragindako lur-mugimenduak…
Horrela, potentzialki aktibotzat sailkatuta zeuden 50 sumenditan aldaketarik ez dela izan ikusi dute eta, aldiz, beste lautan deformazioak ikusi dituzte: Peruko Hualca Hualca sumendia urtean 2 cm ari da hazten (1990ean ere lehertu zen); Bolibiako Uturuncu urtean 1-1,5 cm ari da hazten; Argentina eta Txile artean Lazufre deitu dioten parajea 1 cm/urte hazi da; eta Argentinako Caldera Robledo 2-2,5 cm/urte hazi da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia