Sumendietan agian, bai
2008/11/16 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Ez jakiteak, dena den, ez du esan nahi inor saiatu ez denik azaltzen, ezta gutxiago ere. Hainbatetan saiatu dira azaltzen, baita errepikatzen ere, zein zen garai hartako ingurunea eta zer gertatu zen molekula organikoak agertzeko. Baina saiakera bakar batek ere ez du lortu horretan aritzen diren zientzialariak asebetetzea.
Jakina, zientzialariek ekin eta ekin jarraitzen dute beren hipotesiak frogatu nahian. Orain, azalpen posible bat aurkitu diote arlo horretan egin zuten lehenengo esperimentuari, eta Science aldizkarian eman dute horren berri.
Miller eta hasierako zopa
Stanley Miller-ek frogatu zuen lehenengo aldiz ingurune inorganiko batean molekula organikoak sor daitezkeela. 1953an egin zuen, Harold Urey Nobel saridunaren babespean (garai hartan doktoretza-ikasle bat zen Miller). Molekula organikoak sortu ziren garaiko atmosfera simulatu zuen, eta tximistak eragin zituen, orduan hain ugariak zirenak, elektrodo batzuen laguntzaz.
Eta lortu, lortu zuen espero zuena! Molekula inorganikoak baino ez zeuden ingurune batean, besteak beste, aminoazidoak (proteinen oinarrizko osagaiak) agertu ziren. Honela esan zuen, beraz, Millerrek, sortu zirela molekulok: Lurreko atmosferaren osagaiek eta kondizioek ‘hasierako zopa’ bat eratu zutela, eta, halako batean, tximisten eraginez sortu zirela.
Zientzialarien artean gero eta sinesgarritasun txikiagoa izan zuen, ordea, esperimentu hark, denbora aurrera joan ahala gero eta ziurragotzat jotzen baitute adituek garai hartako atmosferak ez zuela Millerrek proposatutako konposizioa. Diotenez, zegoen baino hidrogeno gehiago erabili zuen Millerrek. Hortaz, ez bazituen behar bezala erreproduzitu garai hartako kondizioak, alferrik da esperimentu hartatik ezer ondorioztatzea.
Uste baino esperimentu hobea
Iaz hil zen Stanley Miller kimikaria, eta haren laborategian sartu ziren Jim Cleaves eta Jeffrey Bada geokimikariak, Millerren ikasle izandako bi, han zegoena aztertzera. Horretan ari zirela, Millerren esperimentu famatuko flaskoak aurkitu zituzten (bai, horiexek berak, berrogeita hamar urte luzez gorde zituen).
Erabaki zuten gaur egungo teknologiaz berriz aztertzea Millerrek lortutako emaitza hura. Oso tresna sentikor batez aztertu zuten edukia (NASAren masa-espektrometro bat, hain zuzen), eta ikusi zuten uste baino askoz emaitza hobea lortu zuela Millerrek. 1953an, Millerrek esan zuen bost aminoazido sintetizatu zirela bere esperimentuan, eta, oraingo taldeak, berriz, hogeita bi aminoazido aurkitu ditu lagin berean; besteak beste, bizidunen proteinetan ageri ohi diren guztiak, alajaina!
Jakina, nolabait azaldu nahi izan dute Millerren esperimentuan proteinen aminoazido guztiak agertu izana, kontuan hartuta ia ezinezkoa zela garai hartan hark proposatutako atmosfera egotea. Bada, esan dutenez, litekeena da Millerren kondizioak orduan Lurrean hain ugariak ziren sumendietan eratutako gas-hodeietan egotea, eta ingurune mugatu jakin horietan eratu izatea osagaiak.
Esan bezala, ez dakigu Millerren esperimentuko kondizioak inoiz eta inon egon ote ziren, eta jakin gabe jarraituko dugu nondik atera ziren hasierako molekula haiek. Dena den, zientzialari batzuek Millerren esperimentuaren alde egin dute, besterik ez bada ere, argi uzten duelako posible, behintzat, badela molekula organikoak sortzea kondizio inorganikoetatik.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia