Suminik ez duen sator-arratoia
2008/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Afrikako sator-arratoi biluzia (Heterocephalus glaber) animalia benetan bitxia da: odol hotzeko ugaztuna da, hau da, inguruneko tenperatura berean izaten du gorputza (ez baita beroa sortzeko gai); oso bizi-itxaropen handia du, 25 urte ingurukoa; 300 ale baino gehiagoko kolonietan bizi da, eta hierarkian oinarrituta dagoen gizarte-antolaketa du, erleen edo termiten antzera. Orain, Chicagoko Thomas Park eta Alemaniako Gary Lewin ikertzaileek animaliaren beste berezitasun bat aurkitu dute: ez ditu min-mota guztiak sentitzen.
Mekanikoki eragindako mina --zimiko egitean edo ziztatzean-- sentitzeko gai da, baina ez jatorri kimikoa duen mina. Adibidez, kapsaizinak, piperrak min egiten dituen substantziak, ez dio erredura-sentsaziorik eragiten larruazalarekin kontaktuan jartzean. Animalia gehienek, berriz, mina sentitzen dute horrelako egoera batean. Azidoekin kontaktuan jartzeak ere ez dio minik ematen.
Ikertzaileek ikusi dute sator berezi horrek nozizeptoreak --min-sentsazioari antzematen dioten hartzaileak-- dituela, eta hartzaile horiek kapsaizinarekin erreakzionatzen dutela eta min-seinaleak bidaltzen dituztela. Baina animaliak ez du minik sentitzen. Dirudienez, seinale horiek bidean 'galdu' egiten dira edo mingarria ez den sentsazioa eragiten diote satorrari.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia