}

Suntsitutako hezeguneak berreskuratzea ez da erraza

2001/06/27 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Mexikoko Golkoaren poluzioaren arazoari aurre egiteko, Estatu Batuetan hezeguneak sortu behar direla esan dute Ohioko Unibertsitateko adituek. Idatzi duten txostenaren arabera, gutxienez 5 eta 13 milioi akre arteko azalera bihurtu beharko litzateke hezegune. Horretaz gain, 19 eta 48 milioi akre arteko azalera ibai ondoko baso izatea beharrezkoa dela ikusi dute zientzialariek.

Azken bi mendeetan, zona horretan zeuden hezeguneen % 80 suntsitu dira, eta, horren ondorioz, Mexikoko Golkoa izugarri poluitu da. Hezeguneek oso funtzio garrantzitsua betetzen dute; ibaia eta nekazaritzako lurren arteko gunea osatzen dute, bai fisikoki bai eta ekologikoki ere. Besteak beste, poluitzaile-kopurua txikiagotu egiten dute.

Mexikoko Golkoaren arazoak Mississippi ibaiaren uretatik datoz. Emari handikoa da, eta estatu asko eta hiri handi asko zeharkatu ondoren itsasoratzen da. Urtean zehar ur-emaria aldakorra da eta udan izaten du maximoa. Uretan lokatza, metal astunak eta konposatu kimiko asko itsasoratzen dira, eta, ondorioz, golkoan gero eta poluitzaile-kantitate handigoak daude. Aipatzen den poluitzaile horietako bat nitrogenoa da (konposatu nitrogenodunak). Nitrogenoak eragin handia du, batez ere algen metabolismoan. Zientzialarien proposamena hezeguneen bitartez oreka kimiko eta biologikoa berreskuratzea da.

Estatu Batuetan hezeguneen inguruko joera berria piztu da azken urteotan: estatuak hezegune bat suntsitzeko baimena ematen du, baldin eta suntsitzaileak beste hezegune bat sortzen badu handik gertu. Horrela, azken zazpi urteetan, 42.000 akre hezegune bihurtu dira, 24.000 akreren txikizioaren ordezko izateko.

Wisconsin-eko Unibertsitateko ekologoek, hala ere, jarduera horrek dituen arazoak azaldu dituzte, hezegune artifizialek ez baitute naturalek bezala jokatzen. Aintzira artifizialak berez sortuko ez liratekeen tokietan eraikitzen dituzte, eta, gainera, ez da inolako jarraipenik egiten kontrola eramateko. Ekologoen ustez, hezegune natural bat suntsitu baino lehen, bertako datuak bildu beharko lirateke bost urtez gutxienez.

Azalpenak eta txostenak plazaratu dira. Orain George Bush-en txanda da, gaiari aurre egiteko eta konponbideak bilatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia