Supernoba batek hil al zituen muskuiluen arbasoak?
2002/02/12 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Supernobak izar oso handiak erregairik gabe gelditu, kolapsatu eta lehertzen direnean gertatzen dira. Orduan, materia- eta energia-kantitate eskergak jaurtitzen dituzte espaziora. Bost supernobatik bat nahiko gazteak diren izar-multzoetan gertatzen dira eta, hain zuzen ere, horrelako hiru gune daude gure galaxiako Scorpius-Centaurus elkarketan. John Hopkins Unibertsitateko ikertzaileek kalkulatu dute horietako bakoitzean supernoba bat gerta zitekeela orain 10, 7 eta 2 milioi urte; azkena Lurretik 130 argi-urtera. Distantzia horretara, Lurra suntsitzeko adina kalte egin ez, baina hainbat arrasto utziko zituzkeen Lurrean.
Duela hiru urte, Alemaniako ikertzaileek burdina-60 elementuaren kontzentrazio handiak topatu zituzten ozeanoko arroketan. Burdina-60 bi geruzatan agertzen zen: bata duela 0-3 milioi urtekoa eta bestea duela 4-6 milioi urtekoa. John Hopkins Unibertsitateko ikertzaileen arabera, geruza gazteenaren burdina-arrastoak supernoba posible hark utzitakoak dira. Izan ere, leherketaren ondorioz Lurrak izpi kosmikoen bonbardaketa jasan zuela uste dute eta burdina-60 izpi kosmikoek eragindako erreakzio nuklearren produktua da.
Gertaera-segida
Duela 2 milioi urte supernoba gertatu zen Esne-bideko Scorpius-Centaurus elkarketan. Lurra izpi kosmikoek bonbardatu zuten eta atmosferan hainbat erreakzio kimiko gertatu ziren. Batetik, ozeanoko arroketan pilatu zen burdina-60 sortu zen eta, bestetik, atmosferako ozonoa suntsitu zuen nitrogeno monoxidoa sortu zen.
Nitrogeno monoxidoak ozonoa suntsitzeko gaitasuna du, eta izpi kosmikoen kantitate handien eraginez sortzen dela uste da. 130 argi-urtera gertatutako supernoba batek ozono geruza % 60 mehetuko zukeela kalkulatu dute astronomoek. Ozono-geruza hain ahul egonik, itsas izakiak eguzkiaren izpi ultramoreen mende geratu ziren, planktona hil egin zen eta segidan planktonaz elikatzen ziren moluskuak.
Pieza baten faltan
Baina John Hopkins Unibertsitateko ikertzaileek hipotesi biribila eta interesgarria aurkeztu duten arren, puzzlea osatzeko pieza bat falta zaie; inguruko izar-multzo horietako batean supernoba suntsigarri haren arrastoren bat topatzea, alegia.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia