Supernoba baten hondarrei jarraika
2008/05/15 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Esne Bidean gertatutako supernoba-eztanda baten hondarrak (G1.9+0.3 izena eman diote hondar-multzoari) ikusten dira irudian. Laranja 2007aren hasieran lortutako X izpien irudia da, eta urdina, 1985ean jasotako irrati-uhinen irudia. Bi irudien arteko tamaina-diferentziak argi adierazten du supernobaren hondarrak hedatzen ari direla. Horri esker, gainera, eztanda noiz gertatu den zenbatetsi ahal izan dute (orain dela 140 urte inguru). Hala, Esne Bidean hauteman duten supernoba-eztanda gazteena da.
Supernoben hondarrak ikusgaiak izaten dira eztandan kanporatzen direnean, inguruko materialekin talka egiten dutelako, eta indarrez askatzen dituztelako gas beroa eta energia handiko partikulak. Bai batak eta bai besteak X izpiak, irrati-uhinak eta beste hainbat uhin-luzeratako argiak igortzen dituzte milaka urtean.
Argazkia: CHANDRA eta VLA
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia