Surikata, irakasle aparta
2006/09/17 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Baina kasu batzuetan kumeak jarrera aktiboa du: ez du begiratu bakarrik egiten, ehizan parte hartzen du, nolabait. Ikasketa pixkanaka egiten da, noski: hasieran, kumeari harrapakin hilak ekartzen dizkio helduak eta, trebatu ahala, harrapakin biziak ekartzen dizkio. Surikatak, adibidez, jarrera aktiboa du ehizaren ikaskuntzan, duela gutxi ikusi dutenez.
Surikata Afrika hegoaldeko ugaztun txiki bizia da. Talde handitan bizi da, 30 bat lagunekoetan; eta bereziki garatua du harreman-gaitasuna taldearen barruko kideekin. Besteak beste, helduek kumeei ehiza nola egin erakusten diete. Irakaskuntza pausoz pauso egiten dute, kumeak erraz asimilatzeko eran.
Kumearen deiari erantzunez
Begiratu batera jolasa dirudi, baina kontu serioa da kumearentzat. Ez bakarrik bizirik irauteko beharrezko trebezia bat lantzen ari delako (nahiz eta horren kontzientziarik ez izan), baita goseak dagoelako ere. Ase nahi bada, harrapakinari aurre egin behar dio. Goseak bultzatuta ikasten du, beraz.
Kumea oso txikia denean harrapakina hilda ematen diote, edo erdi hilda. Harrapakina, normalean, intsektu bat izaten da (surikata intsektujalea da), baina eskorpioia, ehunzangoa, narrastia edo hegaztiren bat ere izan liteke. Kumeari eskorpioi bat ekartzen diotenean, esate baterako, eztena kentzen diote aldez aurretik. Kumea trebatu ahala, ordea, gero eta harrapakin biziagoa ekartzen diote, eta ez dute ahalegin berezirik egiten eskorpioiaren eztena kentzeko. Kumeak harrapakinari aurre egin behar izaten dio, beraz.
Portaera hori ikusita, galdera bat etortzen da burura: nola daki helduak kumeari nolako harrapakina ekarri? Bada, galdera horri erantzuna aurkitu diote Erresuma Batuko ikertzaile batzuek. Dirudienez, kumearen gose-deia hartzen dute aintzat; izan ere, surikataren oihua aldatu egiten da hazi ahala: tonua jaitsi egiten da, eta ez da hain errepikakorra izaten.
Oihuaren eta harrapakinaren arteko lotura zuzena zela ikusteko, ikertzaileek grabazioak erabili dituzte. Eta ikusi dute kume txikien oihu errepikakorren grabazioak jarritakoan harrapakina ia hilda ekartzen zuela surikata helduak, eta kume handiagoen grabazioak jarritakoan harrapakina askoz ere biziago ekartzen zutela.
Dena dela, surikata helduaren lana ez da harrapakina ekartzea bakarrik. Ikertzaileek ikusi dutenez, kumearen ondoan geratzen dira: nolabait zirikatu egiten dute harrapakinari aurre egiteko, eta kumea nola konpontzen den begiratzen dute.
Beraz, surikatak irakasle saiatuak direna argi dago. Hori bai, ez dago hain garbi surikata helduek irakaste-lan hori “era kontzientean” egiten duten edo estimulu-erantzun portaera baino ez den. Adituen artean, iritziak erantzun baten zein bestearen aldekoak dira.
7K-n argitaratua.