Susan La Flesche: mediku, herriarentzat
2022/09/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Elur-erauntsian zehar zetorren, bi behorrek tiratako zalgurdian, bufalo-larruzko berokian babestuta; gaixo bat artatzera joateko ordu askoko bidaiatik bueltan. Etxera iritsi zenean, atarian zain zuen pertsona-ilara bat; eztulka batzuk, sukartsu besteak, edo minez… denak Sue doktorearen zain. Sue doktorearen lanorduak ez ziren inoiz amaitzen. Lotara joaten zenean ere, piztuta uzten zuen linterna bat leihoan, laguntza behar zuen edonork jakin zezan han aurkituko zuela.
“Txikia nintzenetik desiratu nuen medikuntza ikastea —idatzi zuen Susan La Fleschek, Sue doktoreak—; ordurako garbi ikusten nuen mediku on baten beharra zuela nire jendeak”. Zortzi urte zituela bizitako pasarte bat iltzatuta zeukan: Gaixorik zegoen emakume zahar baten ondoan pasa zuen gaua. Lau aldiz deitu zioten medikuari, eta, aldiro, agindu zuen berehala joango zela. Eguna argitu aurretik eman zuen azken arnasa emakumeak. Mediku zuria ez zen inoiz agertu. Harentzat, azken finean, indiar bat besterik ez zen emakume hura. Horixe sentitu zuen Susanek gau hartan; baita hori aldatzeko zerbait egin behar zuela ere.
Susanen aita, Joseph La Flesche, Burdinazko Begia, Omaha herriaren burua zen. Hark ezinbesteko jotzen zuen, herriak iraungo bazuen, bi kulturak batzea (zuriena eta indiarrena). “Zibilizazioa edo hondamena, ez dago beste aukerarik”, esan ohi zuen. Omaha kultura alde batera utzi gabe, hizkuntza, erlijio eta kultura berriak ikastearen alde zegoen; bizilagun berrien jakintzaz aberasteko. Horregatik, seme-alabei euren hizkuntza, kantuak, ohiturak eta sinesmenak irakastearekin batera, Misio Presbiterianoaren Eskolara bidali zituen, zurien hizkuntza eta ohiturak ere ikas zitzaten. “Beti ‘indiar horiek’ dei zaitzateten nahi duzue? Edo eskolara joan eta munduan norbait izan nahi duzue?”, esaten zien.
Hamalau urte zituela, ahizparekin batera trena hartu zuen Susanek, New Jerseyko Elizabeth Neska Gazteentzako Eskolara joateko. Han bi urte egin ondoren, Virginiara joan zen, esklabu ohien seme-alabak eta indigenak hezten zituzten Hampton Schoolera. Han emakume bati zegozkion lanak egiten irakatsi zioten. Baina Susanek argi zuen hori ez zela bere bidea. Medikuntza ikasi nahi zuen.
Garai hartan, emakume zuri pribilegiatuenak ere oztopo handiak gainditu behar zituen medikuntza ikasi ahal izateko. La Fleschek, indigena izanda, are gehiago. Baina lortu zuen. Pennsylvaniako Emakumeentzako Medikuntza Eskolan onartzea lortu zuen, baita ikasketa haiek ordaindu ahal izateko beka bat ere. Medikuntzan graduatu zen lehen amerikar indigena izan zen.
1889an, honela hitz egin zuen graduazio-ekitaldian: “Hezkuntza jaso dugunok zibilizazio indiarraren aitzindari izan behar dugu. Zuriek zibilizazio-maila handia lortu dute, baina zenbat urte behar izan dira horretarako? Gu hasi besterik ez gara egin; beraz, ez gaitzazue beheratu, aitzitik, lagundu gaitzazue gorago igotzen. Eman iezaguzue aukera bat.”
Ez zuen boto-eskubiderik, emakumea zelako, eta ez zen Estatu Batuetako legearen baitako herritarra, indiarra zelako; baina medikua zen. Eta, jakintza harekin itzuli zen jaioterrira, Omaha erreserbara, 24 urte zituela, 3.500 km2-ko eremu batean 1.200 pertsonaren mediku izatera. Mediku eta abokatu, kontulari, itzultzaile, aholkulari, idazkari…
Egunen batean bere herriarentzako ospitale bat eraikitzea zuen amets. Bitartean, etxez etxe ibiltzen zen, oinez edo zaldiz, eta zalgurdian gero, kilometroak eta kilometroak eginez; ordu askoko bidaiak gaixo bat artatu ahal izateko. Eta askotan, gainera, egindako diagnosia eta zuriengandik ikasitako kontu haiek guztiak errefusatzen zizkioten. Izan ere, omaha guztiak ez zeuden, inolaz ere, bi kulturak batzearen alde.
Pixkanaka, ordea, herritarren konfiantza irabazten joan zen. Azken finean, mediku hark, mediku zuriek ez bezala, euren hizkuntzan hitz egiten zuen, eta euren ohiturak ezagutzen zituen.
Estereotipo eta arau sozial guztiak apurtuz jarraitu zuen: ezkondu ondoren ere lanean jarraitu zuen; baita bi haur izan ondoren ere. Eguneroko borrokan, bere herriaren gaitzei aurre egin nahian. Higienearen garrantzia predikatu zuen, eta eltxoen aurkako sareak erabiltzea ate eta leihoetan, haiek transmititzen zituzten gaitzak saihesteko. Abstinentzia-kanpainak ere egin zituen, aitaren garaiak gogoan. Izan ere, Burdinazko Begiak oso garbi izan zuen alkohola “herri zibilizatuen eta zibilizatu gabeen galbidea” zela. Gogor egin zuen haren kontra, eta lortu zuen alkohol-saltzaile zuriak erreserbatik kanpo mantentzea. Hura hil ondoren (alaba graduatu baino urtebete lehenago), alkohola erreserbara bueltatu zen, ordea.
Batzuek lurrak ere saltzen zituzten, whiski gehiago erosi ahal izateko. Eta gogor egin zuen Sue doktoreak gaitz horren kontra ere. Gertutik ezagutu zuen, senarrak arazo handiak izan baitzituen alkoholarekin. Arazo horrek gaiztotutako tuberkulosiak hil zuen hura. La Flesche alargun gelditu zen, bi haur txikirekin. Baina, orduan ere, ez zion lan egiteari utzi. Alabak gerora kontatuko zuen anaia eta biak, denbora batez, zalgurdi batean hazi zirela; amak berarekin eramaten baitzituen pazienteak artatzera.
Zalgurdian kilometroak eta orduak egiten jarraitu zuen, askotan elurretan, zerotik oso azpiko tenperaturetan, bere osasuna ere arriskuan jartzeraino. Min kronikoa eta arnasteko arazoak hasi zitzaizkion. 1915ean hil zen, 50 urterekin.
Urte pare bat lehenago bete ahal izan zuen ametsa: 1913an erreserbako lehen ospitalea ireki zuen, berak lortutako finantzazioarekin. Behar zuen edonorentzat irekita egongo zen ospitale hura, edozein zela ere adina, generoa edo azalaren kolorea.
BIBLIOGRAFIA:
FERRER VALERO, S. (2016): “La primera doctora amerindia, Suzanne La Flesche Picotte (1865-1915)”. Mujeres en la Historia.
FERRY, G. (2019): “Susan La Flesche Picotte: a doctor who spanned two cultures”. The Lancet
KLEIN, C. (2016): “Remembering the First Native American Woman Doctor”. History
VAUGHAN, C. (2017): “The Incredible Legacy of Susan La Flesche, the First Native American to Earn a Medical Degree”. Smithsonian.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia