Susper hadi, polit hori!
2002/11/26 Elhuyar Zientzia
Txinan oso kezkatuta daude zooetako panda erraldoiek ez dutelako inolako gogorik sexu-jokoetan aritzeko. Ez da batere erraza gatibu dauden pandak ugaltzea, eta are zailagoa da, noski, guraso izan beharko luketenek ez badute ezer egiten horren alde.
Panda basatiak ere ez dira oso ugalkorrak: bi edo hiru urtetik behin, emeak kume bakar bat izaten du. Gainera, panda basatien populazioa erdira jaitsi da azken bi hamarkadetan; beraz, bikotea topatzeko gero eta aukera gutxiago dute.
Eta zooetara eramaten direnean, are gutxiago ugaltzen dira. Nonbait, sexurako irrika galtzen dute. Ikertzaileen arabera, naturgune babestuetan eta zooetan dauden arren % 60k ez du inolako sexu-goserik. Hori dela eta, gatibutzan jaiotzen diren panda-kume gehienak intseminazio artifizialari esker sortu dira.
Hala ere, ikertzaileek ez dute etsitzen, eta panden jarrera aldarazteko saiakera ugari egin dituzte. Ugaltzeko gogoa pizteko, hainbat erremedio probatu dituzte, baina, garestiak izan arren, ez dute emaitza onik lortu. Erremedioen artean, denetik dago: sendabelarrak eman dizkiete, Viagrarekin probatu dute, arrak emea nola estaltzen duen azaltzen duen bideoa jarri diete...
Orain, panden ugalkortasuna handitzen lagunduko duen programa informatikoa garatu dute ikertzaile batzuek. Programa horrek gatibu dauden panden osasuna eta elkarren arteko ahaidetasun-maila aztertzen ditu. Hartara, sexu-jokoetan aritzeko une eta bikotekide aproposa zein diren jakin dezakete ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia