Suteek Amazonas hozten dute
2002/02/18 Elhuyar Zientzia
Amazonas oihanean gertatzen diren suteak ez dira izugarri handiak izaten (hango eskalan behintzat), baina, Sao Paulo Unibertsitateko ikertzaileek esan dutenez, haien eragina uste baino handiagoa da: gezurra badirudi ere, eskualde zabalak hozten dituzte.
Amazonasen % 15 inguru erre da nekazaritzarako eta abeltzaintzarako lurrak eskuratzeko, baina sute horien eraginak oihan birjinaren erdian edo nabaritzen direla kalkulatu dute Sao Paulo Unibertsitateko ikertzaileek. Izan ere, suteek atmosferara igorritako milioika partikulek eguzkitik datorren argia islatzen dute. Aipatutako partikulak 10-15 kilometroko altuerara irits daitezke eta eremu zabalak estali. Ondorioz, bero gutxiago iristen da lurrazalera eta, suteen garaian, hainbat eskualdetako tenperatura 3 ºC jaisten da batez beste. Zenbait eskualdetan, lurrazalak jaso dezakeen erradiazioaren % 40 galtzen dela neurtu dute.
Suteek igorritako partikulek eguzkiaren argia islatzeko gaitasuna zutela jakina bazen ere, lehenengo aldiz neurtu da Amazonasen duten eragina. Baina ez da hori sortzen duten kalte bakarra. Dirudienez, hodeien formazioan ere eragiten dute, ur-tanten hazkuntza eragotziz. Suteen ondorioz, eskualde batzuetan euriteak % 30 murriztu dira.
Ikerketa horiek guztiak Zientziaren Aurrerapenerako Elkarte Amerikarrak (AAAS) urtero egiten duen bileran aurkeztu dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia