Suterik gabeko mundu baten fantasia
2005/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zergatik daude basoak Alemanian eta basamortua Aljerian? Klimarengatik, jakina. Dena dela, Hegoafrikako zientzialari batzuen arabera, suteek ere eragin handia dute munduko landarediaren banaketan.
Izan ere, baso zabalak izateko klima egokia duten lurralde batzuetan ez dago baso zabalik. Tenperatura eta hezetasuna egokiak izan arren, suteen eragina ere hartu behar da kontuan. Bai gizakiak eragindako suteena, bai eta berez sortutakoena ere.
Zientzialariek eragin hori ikertu eta eredu teoriko bat garatzeko erabili dute. Eta, eredu horren bitartez, suterik gabeko mundu baten mapa osatu dute. Mapa hori beste birekin konparatu dute, suteak kontuan hartzen dituen batekin eta satelitez jasotako datuez egindako hirugarren batekin.
Emaitzetan nabarmena da suteen eragina. Zientzialariek esaten dutenez, suterik egon ezean basoen hedapena oraingoaren bikoitza izango litzateke, eta sabana eta sastrakadiena, aldiz, murritzagoa.