Suzirientzako erregai likidoaren 75. urteurrena
2001/03/16 Elhuyar Zientzia
1926ko martxoaren 16an Robert H. Goddard doktoreak lehenengoz erregai likidoa erabili zuen suzirietan, Massachusettsko Auburn-en. Suziriak 3 metro eskas zituen eta 4,5 kiloko pisua erregai eta guzti. 12 metroko altuerara igo zen. Erregaitarako gasolinaren eta oxigeno likidoaren nahastea erabili zuen. Oinarrian Ilargira joateko (384.000 km) erabili zuten Saturno V zundaren teknologia bera erabili zuen. Gaur egun ere gizakirik gabeko jaurtiketa gehienetan erregai likidoa erabiltzen da.
Goddard-ek 35 zunda egin eta aireratu zituen, bakoitza aurrekoa baino sofistikatuagoa. Hauek dira egin zituen berrikuntza edo aurrerapenak: turbo sistema garatu, giroskopio-bidezko egonkortze sistema, aerodinamika, erregaia pizteko kontrolak, jaurtiketarako sekuentziazio automatikoa, ibilbideari jarraipena egiteko makinak, berrikuntzak motorretan eta zundak berreskuratzeko paraxutak garatzea. 1912an, jada, zundak Ilargira iritsiko zirela aurreratu zuen.
Bere asmakizunak arlo militarrean ere erabili ziren, bi mundu-gerretan Estatu Batuetako armadarentzat lan egin baitzuen. 1945ean hil zen. 1959ko maiatzaren 1ean NASAk espaziorako zientziaren laborategi handiena ireki zuen Maryland-eko Greenbelt-en eta Goddard Space Flight Center jarri zioten izena bere ohoretan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia