Tabakismoa (2) tabakoaren kontrako borroka
1988/06/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Interes ekonomikoek, baldintza psikologikoek eta usario sozialek arazoaren ikuspegi sanitarioa zaildu besterik ez dute egiten. Horregatik arazoa aholku hutsekin konpon daitekeela pentsatzea ameskeria irudituko litzaiguke. Dena den, osasun-arloko profesionalek (mediku eta erizainek) eta lehen mailako atentzioan ari direnek bereziki joka dezaketen papera ezin bazter genezake.
Egia da jende guztia ez dela osasun-zentruetara hurbiltzen. Ezta aztura horri heltzeko arriskuan dauden pertsona guztiak ere. Baina, hala ere, ezin ahantz dezakegu, eredu garela komunitatearentzat eta gure kontseiluak pazienteentzat ezezik beren lagun eta senideentzat ere baliagarri gerta daitezkeela.
Aholku medikoak beti du alderdi bikoitza: pertsona hartzaile jakin bati zuzendurik dago, baina aldi berean pertsona horren ingurua ere bustitzen du, guztien artera zipristinak zabalduz. Medikuaren (edo erizainaren) aholkua da ihardupiderik erraz eta merkeena. Zuri tabakoak kalte egiten dizu eta erretzeari utzi egin behar zenioke. Horren antzeko esaldia aholku medikoa da. 1979.ean RUSELLek egindako ikerketa batean ikusi ahal izan zenez, aholkuak eta folieto txiki batek urtebeteren buruan %5,1 deshabituazio lortu zituzten (kontrol-taldearena baino askoz ere emaitza hobeak).
Bada, hala ere, oso kontutan hartzeko beste faktore bat: ez da gauza bera gai honetaz sentikor den gizartean aholkuak ematea, edota alderantziz, gaia sinesgogortasunez (edo okerrago oraindik, modu txarrez) hartzen den beste gizarte batean aritzea (eta gure kasua, zoritxarrez, bigarrenari dagokio oraindik). Espero dezagun erretzeari uztea ere beste moda guztiak bezala gure artera iritsiko dela noizbait.
Profesionalaren papera, borroka honetan
Eta profesionala diodanean, uler bedi medikua nahiz erizaina.
Profesionalaren faktore edo ezaugarriei dagokienez, bere pertsuazio-ahalmena (h.d. bere entzuleak konbentzitzeko gaitasuna) oso lotuta dago bere bizimoduarekin; berak erretzearekin ala ez erretzearekin. Zerbait gomendatu (adibidez tabakoa uztea) eta horixe bera betetzeko kapaz ez bagara, kontraesana begi-bistakoa da. Esaten dugunagatik bakarrik ez dugu hezten jendea; nola esaten dugunarekin ere bai. Medikuena da, komunitate baten barnean, (erretzeko azturaren gain) modu batera zein bestera, eraginik handiena eduki dezakeen kolektibo edo taldea.
Puntu hau guztiek onartzen dute. Argitaraturiko txosten guztiek diotenez, oso zaila (ia ezinezkoa) da tabakismoaren arazoa txikiagotzea osasun-profesionalen parte-hartze aktiborik ez badago. Medikuek, eta hauekin batera baita botikariek eta erizainek ere, hiru eratara jokatu behar dute tabakoaren aurkako borrokan: eredu edo modelo bezala, hezitzaile sanitario bezala eta gizartearen kontzientziatzaile edo sentikotzaile bezala.
Erretzen duen mediku batek (osasun-zentruan nahiz hortik kanpo erre) oso eragin negatiboa du tabakoaren kontrako borrokan. Medikuaren eredu izate horri gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio, baina zoritxarrez, oraindik ere profesional hauetan %50 baino gehiago erretzaile dira. Egoera hau oso bestelakoa da herri industrializatu askotan (Britainia Haundian esate baterako). Estatu horietan profesional sanitarioek erretzeari utzi egin diote masiboki azken 20 urteotan, eta tabakoaren aurkako borrokan zeregin garrantzitsua dute ordudanik. Badugu, bada, zer ikasirik gai honetan ere beste herrietatik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia