Tabako-landareen etorkizuna
2006/01/15 Lasa Oiarbide, Aitzol - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Galdera horren erantzunaren bila, Europako Batasunak indarrean jarri nahi dituen neurrien zerrendara joko dugu. Batasunak diru-laguntzak emango dizkie tabako-landareak ekoizten dituzten laborariei, beren produkzioa eraldatzeko. Eraldaketa hori bi modutakoa izan daiteke. Alde batetik, tabakoaren ordezko labore bat ekoizten ahalko dute; bestela, berriz, tabakoa lantzen jarraitzen ahalko dute, baina tabako hori ezin izango da erabili erretzeko. Eta, erretzeko ez bada, zertarako erabiliko da tabako hori?
Gezurra badirudi ere, tabakoak erabilpen ugari ditu: xanpuak hobetu ditzake, giltzurruneko diabetesa duten gaixoak tratatzeko balio du eta zenbait minbiziren aurka borrokatzeko ere erabiltzen da. Nork esango luke tabakoak, minbizi eragile handitzat daukagunak, minbizia bera sendatzeko balioko lukeenik! Bada, genetikoki eraldatutako tabako-landareak proteinak sortzeko erabiltzen dira, eta, gero, proteina horiek kosmetikan edo medikuntzan aplikatzen dira.
Tabako transgenikoa
Genetikoki eraldatutako landareak proteinak ekoizteko erabiltzea oso teknika zabaldua da, eta teknika horrek arrakasta izan du tabako-landareekin, landare hori eraldatzen erraza delako. Gainera, laborategian proteinak sintetizatzea baino merkeagoa da. Lehenik eta behin, landarea genetikoki moldatu behar dugu, guk nahi dugun proteina sor dezan. Ondoren, proteinak landaretik ateratzea erraza da oso. Landareari hostoak kendu behar zaizkio, artean berde daudela, eta makina birrintzaile batean sartu. Makinatik aterako den zuku berdea proteinaz gainezka egongo da. Esate baterako, antraxaren aurkako antigorputzak modu horretara ekoiztea lortu dute Estatu Batuetan.
Beste adibide bat etxean bertan topa dezakegu. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, txakur-parbobirusari aurre egiteko txertoa garatu dute tabako-landarearen kloroplasto eraldatutik abiatuta. Gainera, landare bakar batetik 500 txerto egin daitezke, eta horrek aukera emango du txertoa komertzializatzeko.
Erretzaileentzat, gutxiago erretzeko tabakoa
Eta, noski, erretzeko ere erabil daiteke tabako-landare transgenikoa. Kasu honetan, arraroa irudi dezakeen arren, tabako-landarea nikotinaz aberasten da. Modu horretara eraldatutako tabakoarekin, zigarroak egiten dira, ohiko modura. Hala,erretzaileek zigarro gutxiago erretzen dute. Izan ere, zigarro horiekin erretzaileak behar duen nikotina-dosia lehenago hartzen duenez, gorputzak ez dio beste zigarro bat eskatzen. Hala, erretzaileak nikotina-kantitate bera hartuko du, baina, behintzat, ez ditu barneratuko zigarroek dituzten beste hainbat osagai kaltegarri.
Ikusteko dago oraindik zigarro transgeniko horiek merkatura iritsiko diren edo ez. Merkaturatzen badira, tabakoarentzat beste aterabide bat bilakatuko dira. Baina, bestela ere, garbi dago betiko tabakoak oraindik bide luzea egingo duela. Debekuak debeku, tabakoaren industriak zigarroak saltzetik lortzen ditu etekin handienak. Seguru aski, ikerketarako erabiltzen diren tabako-hektareak hutsaren hurrengo dira ohiko tabakoaren ekoizpenarekin alderatuta.
Argi dago tabakoak etorkizuna izaten jarraituko duela, modu batera edo bestera.
7K-n argitaratua.