Tantek eraikitako ikuskizuna
2001/07/29 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Gizakiok tantak kontrolatu eta mugatu nahi izan arren, naturan ikusten duguna ere miresten dugu. Tanta bakar batek ezin du gauza handirik egin, baina milaka milioi tantek indar handia dute. Indar horren artelanak aipagarriak dira. Nork ez du ezagutzen Colorado ibaiko Kanoi Handia edo, Euskal Herrira begira, Arbaiungo arroila?
Agian, tanta bakunen ekarpenik politena kobazuloetan eratzen diren ‘eraikinak’ dira. Gure inguruan ugari dagoen kareharria oso egokia da horrelako artelanak osatzeko. Karst izeneko egitura politak sortzen dira.
Euriak atmosferatik harrapatzen du karbono dioxido entzuna eta, sortzen den azido baten bitartez, kareharria pixkanaka jaten du. Mineral hori, ur-tantetan disolbaturik, zuloetatik sartzen da eta, lurpeko zabalgune handi batean azaltzen denean, hantxe metatu eta egitura liluragarriak sortzen ditu.
Egiturarik ospetsuenak estalaktitak eta estalagmitak dira, sabai naturaletik zintzilik eta zorutik gora ateratzen diren harrizko orratzak, hurrenez hurren. Normalean ur-tantak bi egiturak hornitzeko materia disolbatu nahikoa izaten du eta, horregatik, binaka sortzen dira, hau da, estalaktita baten azpian dagokion estalagmita bat. Metro askoko luzera izan dezakete. Izan ere, denboraren poderioz bi egiturak elkar daitezke eta zutabe bat osatu. Ikusgarria da urteen buruan tanta sinple batzuk egindako lana.
Lurpeko ura
Naturak bide asko ditu irekita. Jarrai diezaiegun ur-tantei. Kareharriak zirrikitu asko uzten ditu eta ura erraz sartzen da horietatik. Zirrikitu horien zabalguneak kobazulo bihurtzen direnean, askotan, tantak elkartu egiten dira eta pixkanaka lurpeko putzuak eta lakuak eratzen dira.
Putzuen gaineko estalaktitek, noski, ez dute azpiko estalagmitarik. Baina zorua lehorra den guztietan ere ez dira aurkitu. Ur-tanten kontua da. Disolbatutako materia-kantitatea txikia baldin bada edo jarioa oso mantsoa bada, tanten ‘zama’ osoa estalaktitan geratzen da eta ez dago estalagmita egiterik.
Baina kobazuloetako artelana ez da itoginen ondorio soila. Tanta batzuek beste bide-mota asko jorratzen dituzte eta beste egitura batzuk zizelatzen ematen dute denbora. Esate baterako, pareta batetik irristatzean, disolbatutako minerala apurka hauspeatzen da. Horrela, itogin baterako bidea markatuta gera daiteke harrizko xafla bat eratuz. Eta bidearen bukaeran itoginik ez badago, paretan zutabe-itxurako eskulturak utz ditzakete tantek.
Putzuen ur-maila oso aldakorra izaten da kobazuloetan. Eurite handiak daudenean edo elurraren urtzearen ondorioz, maila igo egiten da eta lehorraldietan, berriz, jaitsi. Baina iragazten diren tantak ia etengabe iristen dira putzura.
Tanta bakoitzak bere harri-zatitxoa uzten duenez, irteerarik gabeko putzuetan egoera jasangaitz batera iristea gerta daiteke. Kareharri gehiegi badago disolbatua, nahiz eta urpean izan, hauspeatzen hasten da. Urak duen karbono dioxidoa galtzen badu edo tenperatura jaisten baldin bada, prozesua erraztu egiten da. Minerala urpeko egitura bitxiak eratuz metatzen da.
Diseinu harrigarriak
Horrela, adibidez, putzuaren urpeko paretetan koral-itxurako formak agertzen dira. Batzuetan koralaren edo krispeten tankera hartzen dute; beste batzuetan loreena edo mahatsena (irudimena norberaren baitan dago). Ur-maila jaisten bada, agerian geratzen dira harrizko egitura bitxi horiek. Beraz, espeleologo batek paretak ‘koralez’ uniformeki estalita topatzen dituenean, badaki toki hori inoiz urez estalita egon dela.
Hala ere, ‘koral’ horiek agertzeko ez dute beti putzua behar. Geologoek irrika handiz aztertu dituzte prozesu horiek; esaten dutenaren arabera, bost bide daude horrelako egiturak ur-azaletik gora sortzeko. Lehenengoan, urak paretatik irristatzen denean uzten duen materia forma horrekin kristalizatzen da. Bigarrenean, paretaren irregulartasunek eraginda era daitezke. Hirugarrenean, formak ondoko putzu batean erortzen den itoginaren zipriztinen ondorioa dira. Laugarrenean, ura paretatik gora mugitzen da kapilaritatez. Eta bosgarrenean, hezetasunaren kondentsazioak eratzen du ‘korala’.
Azalpen horiek guztiak asmatzeak ez dizkie, ordea, geologoei buruhauste askorik ekarri. Baina kobazuloetan grabitatearekin bat ez datozen ‘estalaktita eroak’ ere aurkitu dituzte. Egitura horiei heliktita deritze. Zintzilikari harrigarri horiek nola sortzen diren azaltzea zailagoa da. Zertan dabiltza heliktitak sortzen dituzten tantak? Lasai. Erantzuna badago. Kapilaritatez edo, besterik gabe, aire-lasterrek goraka bultzatuta igotzen direla esaten da. Auskalo. Edozein modutan, ikusgarriak dira oso.
Tapa, tapa, tapa… ur-tantak erortzen direlako lo hartu ezinik dabilenarentzat kontsolagarria izango ez den arren, tanta horiek artelan ederrak sortzen dituzte. Milioika urte batzuk besterik ez dute behar mendien barrunbe ikusgarriak zizelatzeko. Dena dela, gizakiak minutu gutxi behar ditu lan hori suntsitzeko. Batzuetan hala gertatzen da kobazuloa guztiontzat ikusgai jartzeko ahaleginetan ere. Horregatik, mendiak berak gorde ditzala naturaren zirrikituak.
Ur-tanten dinamika
Zientzia ahaltsua oso gauza konplexu eta korapilatsuez arduratzen da.
Baina eguneroko arazo sinpleak ere ikerketaren jatorri eta aitzakia bihurtu dira betidanik… Eta lo zaudela putzu batean tantaka erortzen den ur zaratatsua azken aldian ikertutako arazo horietako bat da.
Prozesua zintzilikatutako urak eratutako konkortxo batekin hasten da. Konkorra handitzen da, eta udare-itxura hartzen du.Une batetik aurrera, konkorrak likido asko jaso duenez, tanta bere lotunetik nabarmentzen hasten da. Azkenik, lotura osatzen duen gunea estutu eta apurtu egiten da. Ur-tanta erori egiten da.
Denok dakigu hori. Hala eta guztiz ere, inork ez daki zergatik batzuetan tanta bakarra erortzen den eta beste batzuetan ur-zorrotada eratzen den. Gainera, itxuraz, batzuetan ur asko izaten da eta bestetan, aldiz, likido-kantitate gutxi behar da tanta erortzea eragiteko. Benetan horrela al da, ala ez? Zergatik ote da? Lo hartu ezinik daudenentzat gai polita da, pentsatu, aspertu eta lokartzen saiatzeko.
Beste batzuek gehiegi pentsatu zuten, eta tantari beldurrezko erabilera eman zioten. Adibidez, ur hotzeko tantak torturatzeko erabili dira zibilizazio askotan. Biktimaren buru gainera poliki-poliki tanta erorrarazi eta sekulako mina eragiten zuen (hil baino lehen erotzeko modukoa). Nondik sortuko zen tortura horretarako ideia? Agian, ingurukoa behatuta, eguneroko bizitzan milaka tanta topatzen baitira gogaitzeko toki aproposetan erortzeko prest.
Bestalde, zorrotadak kontrolatzea hainbat teknologiatan ezinbestekoa da. Inprimagailu askok tinta-zorrotadaz inprimatzen dute; makina horiek noizean behineko orbanak uzten badituzte, makinaren diseinua aldatu behar izaten da. Prozedura industrial askoren arrakasta tanten baitan dago; ADN-txipak egiten dituztenek eta txokolate likidoa erabili behar dutenek ere dirutzak gal ditzakete tantak behar bezala kontrolatzen ez badira. Horregatik, hainbat zientzialarik buru-belarri ari dira tanten jarioaren formulak idazteko ahaleginak egiten.
Arazoa, dirudienez, tantaren azal-tentsioan, biskositatean, tenperaturan eta jarioaren abiaduran datza. Milaka formula ebatzi ondoren, Texasko Unibertsitatean itoginaren inguruko airea berotuta tanta gutxiago eratzen direla ondorioztatu zuten. Noski, bada (pentsa daiteke). Zer uste zuten aurkituko zutela?
Purdue Unibertsitatean egindako ikerketa batean, zientzialariek iragar zitekeen horrelako beste emaitza bat lortu zuten; ur-jario txikiek ez dute tanta-erortze erregularrik sortzen eta handiek, aldiz, bai. Jario-mota bakoitzak berezko arrisku-mota bat du. Jario txikiak ‘tanta sateliteak’ sortzen ditu, txikiak eta kontrolatzeko zailak. Jarioa gehiegi handitzen bada, ordea, tanten kaosa eta noizean behineko ur-zorrotadaren bat sor ditzake.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia