Tartalo robota, ate-joka
2008/06/01 Ochoa de Eribe Agirre, Alaitz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sentsore horiekin, eta robotaren 'burmuina' den ordenagailuarekin, nahikoa izango luke Tartalok alde batetik bestera modu seguruan mugitzeko; alegia, ingelesez wandering deritzan oinarrizko nabigazioa egiteko. Baina Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Saileko ikertzaile-talde horrek lortu nahi du agindutako puntu jakin batera joateko gauza izatea robota.
Eraikinen barruan orientatzen
Puntu jakin batetik abiatu eta helmuga bateraino gidatuko gaituzten makinarik ezagunenak GPS nabigazio-sistemak dira. Horiek, ordea, ez dute eraikinen barruan funtzionatzen, eta ez litzateke praktikoa izango munduko eraikin guztien planoak biltzen dituen datu-base bat sortzea. Horregatik, Basilio Sierraren taldea sistema biomimetikoetan oinarritzen da Tartalo garatzeko. Hau da, pertsonek eta animaliek leku berri batean orientatzeko egingo luketen gauza bera egiten du robotak: tokia miatu eta erreferentzia-puntuak hartu. Baina bizidunok senez egiten dugun hori makina batek egin dezan, hainbat datu eta kalkulu-programa txertatu behar dizkiote informatikariek.
Eraikinak inguru erdiegituratuak dira; denetan aurkitu daitezke gune komunak, eta Tartalori gune horietako lau ezagutzen erakutsi diote: gela, korridorea, hall edo sarrera eta bidegurutzeak. Horrela, robota gure etxera eramango bagenu, autolokalizazio-prozesua egingo luke lehendabizi, pisutik buelta bat emanez gune horien kokapena ikasteko. Prozesu horrekin, makinak mapa topologiko baten moduko zerbait eratuko luke, eta guk, berak ikasitako toki bakoitzaren izena besterik ez genioke erakutsi beharko. Horretarako, pertsonaren eta robotaren arteko interakzio-sistemak diseinatzen ari dira EHUko ikertzaileak. Adibidez, ahotsa ezagutzeko sistema bat eta ukimen-pantaila bidezko interfazea egokitzen ari dira, robotak aginduak uler ditzan.
Begi bakarra, ikusmen zorrotza
Tartalori erakutsi dioten gauzarik garrantzitsuena ateak identifikatzea da. Izan ere, agindutako leku gehienetara iristeko, ate batetik sartu beharko du robotak. Horregatik, atearen heldulekuaren altuera berean dauka kokatuta kamera, helduleku horrek lagunduko baitio atea identifikatzen. Une honetan, korridore batetik doanean ateak bilatu eta zeharkatzeko programatuta dago sistema. Atea itxita baldin badago, oraindik ez diotenez besorik instalatu, 'hankek' jotzen dute atea, haren aurka bizpahiru aldiz talka eginez.
EHUko ikertzaile-taldeak robotaren nabigazio-sistema garatzea du helburu, eta, hori lortzeko, ezinbestekoa da ateei antzematea. Hortik aurrera, beste gauza asko bereizten ikasi beharko du Tartalok, hala nola aurpegiak, ahotsak edo ekartzeko eskatzen zaion edozer gauza. Baina horietako ekintza bakoitzak programa zehatz bat garatzea eskatzen du, eta hori Robotika eta Sistema Autonomoen Taldeko ikerketa-lerrotik kanpo dago, oraingoz. Hala ere, robot honi gehitu egingo dizkiote pixkanaka beste ikerketa-taldeek garatutako gaitasunak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia