Taula periodikoa osatzen
2001/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arte, taula periodikoko 108. elementua, hasioa, nahiko baztertua izan dute zientzialariek. Aurkitu zutenean (1984) taulako VIII. taldean kokatu bazuten ere, egiaztatu gabe egon da benetan toki hori dagokion.
Baina hainbat herrialdetako zientzialariek elkarlanean egindako ikerketa baten arabera, hasioak osmioaren antzeko oxido gaseosoa eratzen du eta, beraz, egia da VIII. taldeko elementua dela eta osmioaren azpian kokatuta egon behar duela.
Ikerketa egiteko, oso tenperatura baxuan VIII. taldeko oxidoak bereizi eta detektatzeko balio duen teknika berria erabili dute. Teknika hori Barkeleyn dagoen Kaliforniako Unibertsitateko Heino Nitsche katedradunak garatu du. Ikertzaileek, lehenik, nuklido arinagoak fusionarazi eta hasio-atomoak lortu zituzten, hasioa ez baita naturan aurkitzen. Gero, lortutako hasio-atomoak oxigenoarekin erreakzionarazi zituzten eta hasio oxidoaren molekula gaseosoak sortu zituzten.
Azkenik, oxido-molekulak helio-zorrotada baten bidez detektagailura eraman zituzten, eta gas-molekulak -20 eta -170 ºC-tan zeuden diodo erdieroaleen gainean kondentsatu ziren. Ikusi zutenez, hasio oxidoa osmio oxidoa baino tenperatura altuagoan kondentsatzen da; beraz, osmioa hasioa baino lurrunkorragoa da, eta, horregatik, hasioa osmioaren azpian kokatu behar da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia