}

Teklatu berezia

1994/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bileretan edo hitzaldietan esaten dena entzun eta guztia makinaz transkribatzea da mekanografiatzen aritzen diren idazkarien ametsa. Hala ere, gaur egun testuak makinatzen dituztenak lana azkar eginda ere 300-400 karaktere minutuko abiaduran ibiltzen dira gehienez. Horixe da, gutxi gora-behera, zuk artikulu honen hasieratik honaino irakurri duzun kopurua. Abiadura hori bizkortzearren, "Velotype" izeneko teklatu berria asmatu da; ohizkoarekin konparatuz gero oso bestelakoa.

Teklatu berri hau edozein ordenadorek (bai PC ordenadoreak eta bai Macintosh ordenadoreak) duen ohizkoaren ordez oso erraz instalatzen da. Teklatu zaharra deskonektatu eta leku berean berria konektatu besterik ez da egin behar.

Teklatu berri honen bidez minutuan mila karaktereraino idatz daitezke, funtzionamendua ikasi eta trebatu ondoren, noski.

Teklatu berriaren funtzionamendu-oinarria sinplea da. Arazoa aldiko letra bat (karaktere bat) i datzi ordez, silaba osoa idaztea da. Pianistak nota bakarra jo ordez aldi berean nota-sorta jota akordea ateratzen du pianoan eta teklatu berri honetan akordeak silaba osoak direla pentsa dezakegu. Silabaren barruan "Velotype" teklatuak berak ipintzen ditu karaktereak ordena egokian, bere informatika integratuari esker. Beraz, hitzak silabatan bereizten dira, eta ez karakteretan. Beraz, idazleak silabaka pentsatu behar du, testuak letra-multzoka aurrera egin dezan.

Teklatua simetrikoa da formaz, eta teklak hiru multzotan banatuak ditu. Erdiko ardatzean bokalak daude, ezkerrean silabako hasierako kontsonanteak eta eskuinean bukaerako kontsonanteak. Aldi berean ezkerreko, erdiko eta eskuineko tekla bana jotzen direnean, "Velotype" teklatuak badaki zein silaba eskatu zaion.

Sistema berri hau Holandako hizkuntzalari eta injineruz osatutako talde batek prestatu du eta hizkuntza bakoitzean funtziona dezan moldatu beharra dago. Hizkuntza nagusietarako prestatu dute oraingoz (frantseserako duela gutxi moldatu dute).

Estenotipia edo takigrafia baino askoz ere fidagarriagoa da, metodo honetan hainbeste ortografi akats izaten ez delako. Teklatu berrira ohitzeko idazleak gutxienez bost eguneko prestakuntza behar izaten du, eta ondoren mila karaktere minutuko abiadura lor daiteke. Bestela esan, artikulu hau bi minututan idatz daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia