Teknika zaharra petrolio berria aurkitzeko
2002/09/12 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Dena den, petrolio-enpresek badute estatistika txar horiek saihesteko modua. Mikropaleontologian dago gakoa; hau da, fosil bihurtutako mikroorganismoen ikerketan. Lan hori behar bezala eginez gero, adituek zehaztasun gehiago izaten dute non zulatu erabakitzeko. Teknika paleontologiko hori antzinatik ezagutzen da, baina uste zenez balio handirik ez zuelakoan baztertu egin zuten eta orain arazoa beste bat da: oso aditu gutxik ezagutzen dute. Arrazoi horregatik, Martin Langer, Bonn-eko unibertsitateko irakaslea, adituak prestatzen hasi da, mikrofosilek ematen dituzten seinaleak behar bezala interpretatuta petrolio-hobiak kokatzeko gai izan daitezen.
Urre beltzaren bila
Petrolioa lurpean eratzen da, itsasoko mikroorganismoen aztarnek presio eta tenperatura altua jasan behar duten gunean, gehienetan kilometro batzuetako sakoneran. Arrokak petrolioa baino trinkoagoak izaten direnez, petrolioa goi-geruzetarantz iragazten da, gorago joatea eragozten dion geruza iragazkaitzen batekin topo egin arte. Arroka-geruza zenbat eta iragazkaitzagoa izan, petrolioari eusteko gaitasun handiagoa izango du, eta, ondorioz, petrolio-poltsa edo petrolio-biltegia handiagoa izango da.
Horrela biltzen den petrolioa aurkitu eta atera ahal izateko, petrolio-konpainiek sismologoen laguntza izaten dute. Sismologoek, ultrasoinuetan oinarritutako testak erabilita, tokiko geruza-mapak egiten dituzte. Geruza-mapa horietan adituek petrolioa metatzeko moduko baldintzak biltzen dituzten puntuak identifikatu eta gero, zulatze-lanak hasten dira. Baina, lehen esan bezala, arrakasta izateko aukerak txikiak dira, mapetatik lortzen diren irudiak mugatuak direlako eta, sarritan, zulaketak kokapen egokitik ehunka metrora egiten direlako. Horregatik, egiten diren 10 zulaketetatik bakarrean aurkitzen da petrolio-biltegiren bat, eta 100etik baten biltegiaren tamaina zulaketa errentagarriak egiteko bestekoa izaten da. "Gaur egun egiten diren zulaketen arrakasta txikia ikusita —dio Martin Langerrek— eta zulaketa horietako bakoitzaren prezioa 2 eta 25 milioi euro artekoa izaten denez, petrolioaren industria ohartu da mikropaleontologia lan-tresna baliagarria dela. Izan ere, teknika hau erabiltzea merkea eta eraginkorra da. Alderdi ekonomikoak berpiztu du ia hilik zegoen ikerketa-lerro hau".
Mikropaleontologia urre beltza aurkitzeko
Mikropaleontologia XIX. mendean sortutako zientzia da, eta esan daiteke petrolioa bilatzeko ahaleginen ondorioa izan zela, XIX. mendeko azken urteetan mikrofosilak ikertzen hasi baitziren petrolioa aurkitzeko zundaketetan.
Fosil mikroskopikoak ikertzen direnean, petrolioa aurkitzeko lanak askoz ere zehatzagoak izaten dira. Urre beltza aurkitzeko fosilik onenak foraminiferoak dira, txanpon itxurako kareharrizko mikrofosilak. Fosil horiek itsasoko aspaldiko izaki zelula bakarrenak izaten dira; batzuk leunak eta beste batzuk zimurrak, baina beti ere kareharrizko geruza batez estaliak. Hain zuzen ere, kareharrizko geruza da petrolioa aurkitzen laguntzen duen fosil horien ezaugarri nagusia. Foraminifero proportzio handia izaten duten sedimentuak, porotsuak direnez, petrolioa eta gasa xurgatzeko gai dira; belakiak balira bezala.
Zulaketetan azaleratzen diren fosil txikiak erabilita, adituek jakin dezakete toki jakinen batean zerbait dagoen edo ez, zulatzeko makina biltegietara iritsi den edo ez, edo zulo barruan zer dagoen. Hori jakin ahal izateko, mikrofosilen morfologia aztertzen da, aro geologiko bakoitzari ezaugarri morfologiko zehatzak dituen mikrofosil mota bat baitagokio. Ikerketa horietan, arroken adinari buruzko datuak jakiteaz gain, adituek aro bakoitzeko ingurumenaren ezaugarriak nolakoak ziren jakin dezakete. Horrela, mikrofosilak aztertuta, mikroorganismoak zeuden uraren tenperatura eta sakonera jakin daiteke, ozeanoetan iraganean zenbat elikagai egon zen, uraren produktibitatea eta oxigenazio-maila, klimaren ezaugarriak….
Hori guztia jakitea garrantzitsua izaten da petrolio bila ibiltzen direnentzat. Izan ere, petrolioa eta gasa era daitezen, baldintzak jakin batzuk behar izaten dira. Aro bakoitzeko ingurumen-egoera nolakoa zen jakinda, petrolio-biltegiak non egon daitezkeen iragar daiteke.
80ko hamarkadan, sismologia erabiltzen hasi zenean, petrolioa bilatzeko teknologia berria nahikoa izango zela pentsatu zuten. Ondorioz, ordura arte erregai fosilen bila ibili ziren mikropaleontologoen zeregina baztertu egin zen. Gaur egun, ordea, petrolio-enpresak orduan egindako okerrez jabetu dira, eta badakite mikrofosilen azterketatik ateratako datuak mapa sismikoekin alderatuz gero petrolioa aurkitzeko aukera gehiago izan ditzaketela.
Petrolioaren bidea
Gizakiak aspaldidanik daki petrolioa badagoela, eta erabili ere aspaldi-aspalditik erabili izan du, milaka urte historialarien arabera. Dena den, petrolioaren historia, garapenerako gai estrategiko bezala, duela gutxikoa da: 200 urte gutxi gorabehera 1850. urtean Pittsburg-eko farmazia-gizon batek merkaturatu zuen lehen aldiz, "petrolio" edo "arroka-olioa" izenarekin. Orduan hasi zen petrolioaren benetako historia, orduan hasi baitzen gizartearen motor bihurtzen.
Petrolioa ateratzeko, ekoizteko eta ustiatzeko, aztarnategi bakoitzaren ezaugarriak hartzen dira kontuan. Putzu bat petrolioa ekoizten jartzeko, aztarnategiraino kanoi itxurako tutua sartzen da. Petrolioa zuloetatik ateratzen da putzuraino, eta diametro txikiagoa duten tutuen bidez ateratzen da handik.
Lurpeko presioaren eta petrolioarekin batera dauden elementuen —ura eta gasa— ondorioz aztarnategiak berezko energia duenean, petrolioa bakarrik ateratzen da. Horrelakoetan petrolioaren irteera erregulatuko duen balbula-sistema jartzen da putzuan. Presio hori ez badago, petrolioa ateratzeko beste sistema batzuk erabiltzen dira. Ezagunena balantzina da; etengabeko mugimenduari esker, putzuaren barruan kokatzen den ponpa mugiarazten duen tresna. Ponpa xurgatzaileak lurrazalarentzat ateratzen du petrolioa.
Petrolioa gehienetan ez da garbi ateratzen; sedimentuekin, urarekin eta gas naturalekin nahastuta agertzen da. Elementu horietatik bereizi eta gero, petrolioa biltegietara bidaltzen da, eta handik —petrolio-hodien bidez— birfindegietara eramaten da. Petrolioarekin batera iristen den gas naturala tratamendu-instalazioetara eramaten da, tratatu ondoren gas-hobien bidez kontsumo-guneetara bidaltzeko. Ekoizpen prozesuak asko aurreratu badira ere, inoiz ez da aztarnategietako petrolio guztia ateratzea lortzen, gutxi gorabehera erdia barruan geratzen da.
Birfindegietan petrolioa —sukaldera iristen den jakia balitz bezala— "prestatu" egiten da, horregatik jartzen zaio gordin izendapena, prestatu gabe iristen delako. Birfindegietan,lehenik, distilazio-prozesua egiten da petrolioarekin, eta gero —lortu nahi denaren arabera— hainbat prozesu kimiko egin ahal zaizkio dituen elementu guztiak atera arte. Birfindegietatik petrolioaren deribatuak ateratzen dira; gasolioa eta antzeko erregaiak batetik, eta polietilenoa, bentzenoa eta gainerako petrokimikoak bestetik.
Petrolioaren deribatuak eta erabilera
- Gasolio normala eta superra. Batez ere, barne-errekuntzako motorra duten automobiletan erabiltzen dira.
- Turboerregaiak . Jet motako hegazkinek erabiltzeko gasolioa.
- Hegazkingintzako gasolioa . Barne-errekuntzako motorra duten hegazkinek erabil dezaten.
- Diesel gasolioa . Kamioiek, autobusek eta hainbat automobilek erabiltzeko gasolioa.
- Kerosenoa . Petrolio ere deitzen zaio, industrian eta etxeetako berogailuetan erabiltzen da batez ere.
- Gas propanoa . Industriarako eta etxebizitzetarako erregaia.
- Bentzina . Etxebizitzetarako erregai moduan edo disolbatzaile-mota batzuk ekoizteko erabiltzen da.
- Fuel oil-a . Industriako labe eta galdaretan erabiltzen den erregai pisua.
- Disolbatzaile alifatikoak . Margoak, kolak edo olioak ateratzeko, tinta egiteko, kautxoa ekoizteko, garbitasunerako produktuak egiteko eta abar erabiltzen dira.
- Asfaltoa . Asfaltoa egiteko eta eraikuntzan zigilatzeko materialak ekoizteko erabiltzen da.
- Oinarri lubrifikatzaileak . Olio lubrifikatzaileak egiteko lehengaiak dira.
- Argizari parafinikoak . Kandelak, lurzorurako argizaria, poxpoloak, baselina eta abar egiteko lehengaiak dira.
- Polietilenoa . Plastikoaren industrian erabiltzen den lehengaietariko bat.
- Usaindun mundruna . Hagunak egiteko lehengaia.
- Azido naftenikoa . Pinturen, erretxinen, garbikarien eta abarren industrian erabiltzen diren produktuak egiteko lehengaia.
- Bentzenoa . Ziklohexanoaren lehengaia.
- Ziklohexanoa . Nylona egiteko erabiltzen diren hainbat produktuetarako erabiltzen da.
- Toluenoa . Pintura, tinta, erretxina eta itsasgarriak egiteko prozesuetan erabiltzen den disolbatzailea.
- Nahastutako xilenoak . Pintura eta intsektiziden industrian erabiltzen dira.
- Alkibentzenoak . Garbikari eta larrugintzan erabiltzen dira.
Petrolioa aurkitzeko bestelako bideak
Mikropaleontologiaz gain, petrolioa bilatzeko teknika bat baino gehiago dago, gehienak ikerketa geologikoekin zerikusia daukatenak.
Bide arruntenetako bat satelite, hegazkin edo radar bidezko irudiak edo argazkiak lortzetik abiatzen da. Horrela, mapa geologikoak egin eta interesa dagoen tokietako ezaugarriak ikus daitezke: landaretza, topografia, ur-korronteak, arroka-mota, faila geologikoak… Informazio hori guztia erabilita, lurpean sedimentuak egoteko moduko ezaugarriak dituzten guneak identifika daitezke.
Horretaz gain, hegazkinetan jartzen diren sistema magnetikoak eta grabimetrikoak ere erabiltzen dira, lurpean dauden arrokei buruzko informazioa lortzeko. Era berean, geologoek hautatutako tokia pertsonalki aztertzen dute, eta lurzoruko harriak biltzen dituzte azterketak egiteko. Datu horiekin guztiekin hautatutako gunean hidrokarburoak aurkitzeko dauden aukeren inguruko informazioa biltzen dute adituek.
Hala ere, sistemarik egokienak sismikoak dira. Lurpean leherketa txikiak eragiten dira; lurrazalean, berriz, sentikortasun handiko tresnak jartzen dira, leherketek eragiten dituzten uhinak jasotzeko. Informazio horrekin, tresnek beraiek lurpeko geruza-mapa egiten dute. Petrolio-enpresetako geologoek eta geofisikariek informazio guztia aztertzen dute, eta, egokia ikusiz gero, prospekzioei ekiten zaie.
Mikropaleontologiaren bestelako erabilerak
Mikropaleontologiaren erabilera ezagunena petrolioa bilatzea bada ere, hori ez da, industriari begira, zientzia-alor honek duen aplikazio bakarra. Itsaso azpian dauden mineralak bilatzeko —manganesoa adibidez— edo lurpean, sakonera handian, egon daitekeen ura aurkitzeko ere erabili izan da.
Zientziari —ikerketari— dagokionez, iraganaren lekukoak izanik, mikrofosilak lurreko biziari eta klimaren historiari buruzko datu ugariren iturria dira; espezien sorreraren, eboluzioaren eta desagertzearen adierazle, alegia.
Horretan baino gauza bitxiagotan ere erabiltzen dira mikrofosilak, auzitegiko medikuntzan edo artean adibidez. Izan ere, margoetan egon daitezkeen mikrofosilek artelanen benetakotasunaz eta artistak erabili zituen materialez gauza asko esan ditzakete. Horrela, esate baterako, berritze-lanetan jatorrizko materialak ere erabil daitezke.
Hortaz, badirudi mikropaleontologiaren etorkizuna ez dela txarra. Nazio Batuen Erakundeak egin berri duen txosten batean adierazten denez, 2050. urterako lurrean 10.000 milioi pertsona biziko dira. Argi dagoenez, energia beharrak ere gorantz egingo du; hortaz, energia-iturri alternatiboak aurkitzeaz gain, dauden ohiko energia-iturriei errendimendua atera beharko zaie. Gaur egun erregai fosilak —petrolioa, gas naturala eta ikatza— dira kontsumitzen den energiaren iturri nagusia. Horrek, jakina, ingurumen-arazo ugari sorrarazten dituenez, lehenago edo geroago, energia garbia lortzeko teknologiaren garapenaren aldeko apustua egitera behartuko ditu munduko herrialdeak.
Bien bitartean, mikropaleontologiak petrolio bila jarraitu beharko du, gaur egungo abiaduran, dauden erregai fosilek ez dutelako 40-60 urtetik gora iraungo.
Deia-ren D2 atalean argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia