Teknologiaren azken iraultza
1993/05/01 Sagarna, Andoni - Ingeniaria Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jauzi koalitatiboa informazioaren erabileran
Gogoan dut duela zortzi urte lehen Macintosh ordenadoreak egin zidan inpresioa. Garai hartan bi aplikazio baizik ez zituen arren —MacWrite testu-prozesadorea eta MacPaint marrazketa-aplikazioa— guztiz iraultzailea iruditu zitzaidan makina hura. Sagua eta ikonoak erabiliz aginduak emateak edonoren irispidean jartzen zuen ordenadorearen erabilera. Lotsarik gabe esan dezaket lehen begiradatik geratu nintzela maitemindua makina hartaz. Gero ikusi dugu PC bateragarrien mundua filosofia honetara hurbildu dela, Windows-en bidez.
Orain Apple Computer beste iraultza batekin dator nire ustez; Newton teknologiarekin, hain zuzen. Izango da oraingoan ere oinetako-muturretara begira geratzen delako hodeiertzik ikusten ez duen horietakoren bat, jostailu bat besterik ez dela esango diguna. Etorkizun hurbilak erakutsiko dio zeinen oker zegoen.
Teknologia berri honen azpian filosofia hauxe dago: arkatza eta papera bezain erabilerrazak, baina informazioa gordetzeko, lantzeko eta komunikatzeko ahalmen handia duten produktuak behar ditugu.
Apple etxearen Newton teknologia software eta hardware berriz osatua da. Azken lau urteak eman ditu hauek lantzen. Abiapuntua, pertsonok informazioa nola maneiatzen dugun aztertzea izan zen.
Makina erabiltzeko, arkatz moduko batez pantaila gainean idazten da. Ez da, hortaz, teklatuaren beharrik. Paperean bezalaxe idazten da. Eskuz idazten duzuna testu-fitxategi batean sartzen da, eskuz egindako marrazkiak diagrama eta grafiko txukun bihurtzen ditu. Zerbaiti gainetik gurutze bat egiten badiozu, ezabatu egin behar dela ulertuko dizu. Gordetzen duena bilatzen laguntzeko eran antolatzen du. Gainera beste ordenadore batzuekin edota inprimagailu, fax, telefono, etab.ekin, dela kable bidez, dela kablerik gabe komunikatzeko gaitasuna du.
Gaitasun nagusiak
Gaitasun guztiak makina (tresna baino gehiago) laguntzaile bihurtzera bideratuak daude. Demagun zure Newton-a gutun bat idazteko erabili duzula. Eska diezaiokezu segidan makinatutako itxura eman diezaiola. Agindu hori betetzeko, zure eskuzko idazkera ezagutu eta testu makinatu bihurtuko dizu. Gero testua merkatal gutunaren formatuan jarriko du, h.d. data, itzulera-helbidea eta agurra erantsiko dizkio. Ondoren Jon Agirreri faxez bidal diezaion eskatzen badiozu, berak bakarrik burutuko ditu egin beharreko guztiak, hots, Jon Agirreren fax-zenbakia bilatu, deia egin eta gutuna bidali, lehen orria osatu ondoren, noski.
“Ostiralean Anerekin bazkaldu” pantailan idazten badiozu Newton-ek badu aski adimen datua agendan idatzi nahi duzula jakiteko. Bazkariak ordubietan izatea nahi izaten duzula eta Anerekin bazkaltzeko ordubeteko tartea hartu ohi duzula ere badaki. Ostiralean diozunean aste honetakoaz ari zarela eta ez hurrengo astekoaz ulertuko du. Hori dena gogoan izanda, agendan idatziko du datua eta zer egin duen erakutsiko dizu, ados bazaude onartzeko eta bestela zuk esandako aldaketa egiteko. Data hurbildu ahala gogorarazi egingo dizu.
Lan egiteko era
Newtona etengabe ari da zuk egiten duzunari behatzen eta zuri laguntzeko bideak bilatzen. Informazio zain ere badago zuri ordenatzen eta lantzen laguntzeko.
Zerbait gertatzen denean, “Jon Agirreri faxez bidali” esaten diozunean adibidez, Newtonak, honi baino lehen izan diren gertakari eta egoerekin konparatuz interpretatuko du gertakari hori. Burutu nahi izango dituzun ekintza-mota batzuk dauzka bere memorian. Horietako bat faxa bidali nahi izatea izan daiteke. Beste ekintza posibleen artetik hori hautetsiko du. Gero ekintza burutzen hasiko da; faxa prestatzen kasu honetan. Gaizki ulertzen badu edota zuk nahi izango ez zenukeen eran ekintza burutzen hasten bada, zuzenketak eragin diezazkiokezu. Ataza bukatutakoan Newtonak gogoan hartzen du ikusi duena, hurrengoan lana txukun eta bizkorrago egiteko.
Adimen hau gauza askotarako erabil daiteke, hala nola albisteak banatzeko edo sare elektroniko batean gai jakin bati buruzko artikuluak bilatzeko.
Eskuzko idazketa eta marrazketaren ezagutza
Newtonak ez du eskatzen eskuz idaztean inprimategiko letrak erabiltzerik. Paperean egiten den bezalaxe egin daiteke, askatasun osoz, eskuzko idazketa, marrazkiak nahiz zenbakiak erabiliz. Zirriborro hauek txukun jartzen ditu Newtonak. Zenbaki batzuk zutabean idatzi eta azpian marra bat egiten baduzu, Newtonak automatikoki batu egingo ditu. Beste eragiketak matematiko batzuk ere egin daitezke.
Eskuz idatzitako karaktereak ezagutzea ez da txantxetako lana. Oso antzekoak dira zero eta o letra, + zeinua eta t letra, etab. Newtonak baditu karaktere-, zenbaki- eta grafiko-ezagutzaileak eta baita idazten dituzun komandoen ezagutzaile berezituak ere. Testuingurua, simetria eta dagoeneko interpretatu dena kontutan hartuz, ezagutzaileok elkarlanean zuk idatzitakoa interpretatzen dute. Doitasun handia lortzen da interpretazioan. Pixkanaka, idazketa jarraia, musikako notazioa, hizkuntza desberdinetan emandako aginduak, elektronikako ikurrak, notazio zientifikoa eta matematikoa eta are hizketa interpretatzeko moduluak garatuko dira.
Denbora joan ahala Newtona erabiltzailearen estilora moldatuko da, esan nahi baita, erabiltzailearen letra hobeto ezagutuko duela eta egiten dituen okerren zuzenketatik ikasi egingo duela.
Informazioaren antolaketa
Newtonak berdin maneia dezake ongi egituraturiko informazioa, gaur egun datu-base batean sartzen dugunaren tankerakoa, eta informazio librea, oraindik nola antolatuko dugun eta beste zerekin erlazionatuko dugun ez dakiguna. Berak lagunduko baitigu antolatzen.
Komunikazioak
Newton produktuak erabiliz, edozein lekutan egonda ere bidal eta har daiteke informazioa. Erraz konekta daiteke telefono-lineetara, ordenadore-sareetara eta kablerik gabeko sareetara.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia