“Tesia egiteko aukera eman zidatenean, ez nuen asko pentsatu”
2018/07/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Itxaso Parola Domingok gazte-gaztetatik izan du gustuko zientzia. Dioenez, batxilergoan oso ondo moldatzen zen matematikan, fisikan eta halakoetan. Beraz, unibertsitateko ikasketak aukeratzeko garaia iritsi zitzaionean, ez zuen Ingeniaritzan sartzeko zalantza handirik izan: “Osasun-zientziak ez zaizkit gustatzen; zerbait teknikoagoa nahi nuen. Azkenean, Telekomunikazio Ingeniaritza aukeratu nuen, denetarik duelako: matematika, fisika, elektronika, telematika, informatika…”
Bolonia plana ezarri aurreko azken promozioa izan zen berea. Euskarazko adarrean oso gutxi zirela gogoratu du, 10 inguru, eta, urte batzuetan, neska bakarra. “Ingeniaritzako talde handietan mutilen eta nesken artean izaten den ehuneko bera da, baina, hain gutxi ginenez, ez zen beste neskarik egokitu. Hori bai, ez nuen inolako arazorik izan bakarra izateagatik”.
Azken urtean, Komunikazio optikoak izeneko ikasgaia izan zuen, eta “nahiko interesgarria” iruditu zitzaion. Hala, karrera-amaierako proiektua arlo horretan egitea eskatu zuen, zehazki, Fotonika Aplikatuko taldean. “Han hasi nintzen proiektuarekin, eta asko gustatu zitzadan. Hortaz, proiektua amaitutakoan tesia egiteko aukera eman zidatenean, ez nuen asko pentsatu”.
Horrela hasi zen tesia egiten. Orain, dagoeneko tesia idatzita dauka, eta laster du aurkezpena. Gustura dago egindako bidearekin, luzea eta, batzuetan, gogorra ere badela aitortu duen arren: “Karrera amaitu eta beste hiruzpalau urte ematen dituzu tesiarekin, eta, bitartean, ikusten duzu zure lagunak dagoeneko lanean ari direla eta zu, berriz, beka batekin zaudela. Baina, oro har, esperientzia positiboa izan da”.
Ikertzen jarraitzeko asmoz
Pertsonalki ere aberasgarria izan dela esan du Parolak: “Batetik, jende asko ezagutu dut, eta, bestetik, artikuluak idazten, hitzaldiak ematen eta horrelako lanak egiten ikasi dut”.
Ikerketaren ikuspuntutik, berriz, esperientzia zabala eskuratu duela iruditzen zaio, bereziki, Fotonikako arloan. Hain zuzen, eguzki-kontzentragailu lumineszente gisa jokatzen duen polimerozko zuntz optiko dopatu berri bat lortu du, merkea eta eraginkorra.
Emaitza itxaropentsutzat jotzen du, eta horrekin jarraitu nahiko luke, “Bilbon ez bada, beste nonbait”. Izan ere, garatu duen zuntz optikak etorkizuna izan dezakeela uste du; “baina, ikertzen jarraitzeko, finantziazioa lortu behar da”. Badu Braunschweig Unibertsitatera joateko aukera (haiekin elkarlanean garatu zuen proiektua); bederatzi hilabetetarako bakarrik izango zen, ordea, eta nahiago du beste aukera batzuk ere begiratu. “Nolanahi ere, arlo honetan ikertzen jarraitu nahiko nuke”, adierazi du, ziur.
Itxaso Parola Domingo Plentzian jaioa da, 1991ean. Telekomunikazio-ingeniaritza ikasi zuen, eta gaur egun Fotonika-arloko doktore-tesia ari da bukatzen EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Bere tesian polimerozko zuntz optiko bereziak aztertu ditu hainbat aplikaziotarako, adibidez, eguzki-kontzentragailu gisa erabiltzeko. Bi ikerketa-egonaldi egin ditu Alemaniako Braunschweig Unibertsitate Teknikoan.