The Baby: lehenengo ordenagailu elektronikoa
2006/06/01 Lasa Oiarbide, Aitzol - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Garai zailak izan ziren Bigarren Mundu Gerraren ondoren etorri zirenak. Europa guztia hankaz gora geratu zen gerraren ondorioz. Berreraikitze-lanetan, azken urteetan gerrarako erabilitako baliabideak erabili zituzten. Adibide bitxia da Alemaniakoa, non aire-armadako materialak baliatu baitzituzten gizarte zibilarentzat autoak egiteko. Baina ez materialak bakarrik. Gerra-garaian sekretupean gordetako jakintza zientifikoa ere gizarte zibilaren esku geratu zen neurri batean.
Lehen ordenagailua
Gerra-garaian, Britainia Handiko Gobernuak hainbat saiakera egin zituen prozesu matematikoak automatizatuko zituzten makinak asmatzeko. Makina haiek, hasiera batean, alemaniarren kode sekretuak deszifratzeko erabili ziren. Baina, gerra ondoren, teknologia hura baliatu zuten lehen ordenagailu zibila eraikitzeko.
Ordenagailu esperimental hark SSEM izena zuen -- Small Scale Experimental Machine, edo Neurri Txikiko Makina Esperimentala--, baina haren asmakuntzan parte hartu zuten Manchesterko Unibertsitateko zientzialariek izen goxoagoa ipini zioten, The Baby , edo Umetxoa .
The Baby -k gaur egungo ordenagailu batek dituen elementu guztiak zituen, baina, izenak dioen bezala, neurri txikian. Besteak beste, aritmetika bitarra erabiltzen zuen, kode-lengoaia sinple bat zeukan, 2.048 biteko memoria, eta instrukzioko 1,2 milisegundoko abiadura.
Gaur egungo ordenagailuekin alderatuta, bitxia gertatzen ahal zaiguna da memoria nolakoa zen. Izan ere, memoria 32 x 32 pixel-tamainako CRT pantaila bat zen, hots, ohiko kolore bakarreko telebista bat, 6 hazbete luze zituena. The Baby -k horrelako bi pantaila zituen, bere 2.048 biteko memoria ematen ziotenak --kontuak egiten hasita, 32 pixel x 32 pixel x 2 pantaila = 2.048 bit--.
Katodo-hodiko elektroiek pantailako fosforoarekin talka egitean, 0 edo 1 informazioa idazten zuten pantailan, bit batek hartzen ahal dituen bi balio posibleak. Pantaila hura gaur egungo RAM memoria baten antzekoa zen. Gainera, The Baby -k ez zuen bestelako disko gogorrik. Horrek esan nahi du programatzaileak pantailako memoria horretan bertan sartu behar zituela programa exekutatzeko aginduak eta datuak, eta, behin programa martxan jarri ondoren, pantailan bertan gertatzen zirela kalkulu guziak.
Lehen proba egiteko ordua heldu zenean, dena ongi atera zen. Zenbaki baten faktorerik handiena kalkulatzeko agindu zioten The Baby -ri, eta azkar batean eta ongi bete zuen bere lana. Lehenengo zenbaki hura txiki samarra zela aitortu beharra dago. Dena dela, egunen buruan, hobekuntzak eginez, The Baby -k 2 18 zenbakiaren faktorerik handiena kalkulatu zuen --eta, ez dakienarentzat, zenbaki hori izugarri handia da--. Kalkulu hura egiteko 52 minutu behar izan zituen.
Eta umetxoa koskortu egin zen
The Baby -rekin egindako esperimentuek emaitza onak eman zituztenez, teknologia hartan oinarritutako makina handiago bat diseinatzeari ekin zioten. Makina hari Manchester Mark 1 izena jarri zioten. Aurrerago, makina haren diseinua erabili zuten lehen prototipo komertziala eraikitzeko.
Modu komertzialean eraikitako makinek Ferranti Mark 1 izena hartu zuten, Ferranti etxeak hartu baitzuen haiek eraikitzeko ardura. Baina izen hura luzea izaki, Mark 1 laburduraz egin ziren ezagun.
Ferranti etxeak Manchesterko Unibertsitateari saldu zion ekoitzitako lehenengo makina. Ondoren, beste bederatzi makina eraiki zituzten --ofizialki, zeren eta badirudi beste bi, behintzat, sekretuan saldu zizkiotela Britainia Handiko gobernuari. Bi makina berezi haiek diseinuan aldaketak izan zituztela uste da, eta, horregatik, ohiko Mark 1 -ak baino eraginkorragoak zirela--. 1951 eta 1957 urteen bitartean Europa eta Ameriketako hainbat unibertsitate eta gobernuri saldu zizkieten.
Gaur egun arte
Etxean, ikastolan eta lanean. Liburutegian, museoan eta ia edonon. Pentsaezina litzateke gure egunerokotasuna ordenagailurik gabe. Ez dago sobera jakitea ohiko tresna bilakatu diren ordenagailuak The Baby 'txiki' haren ondorengoak direla.