}

Tibetarren sekretua

2007/11/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Tibeteko goi-ordokiko biztanleak dira munduan leku gorenean bizi diren pertsonak. Hain zuzen, goi-ordokia batez beste 4.500 metrora dago. Garaiera horretan, ez da erraza gorputzak behar duen oxigenoa hartzea. Ondo dakite hori mendizaleek: igo ahala, organismoari gero eta zailagoa zaio oxigenoa eskuratzea, eta oxigeno-gabeziak mendiko gaitza eragiten du, alegia, buruko mina, zorabioa, goragalea, eta, kasurik okerrenean, baita heriotza ere.
Tibeteko goi-ordokiko biztanleak dira munduan leku gorenean bizi diren pertsonak.
X. Ostolaza

Tibeteko biztanleek, ordea, ez dute halako arazorik, nahiz eta, gainerakoei gertatzen zaien bezala, garaiera handietan itsas mailan daudenean baino oxigeno gutxiago duten odolean. Orduan, nolatan ez dute oxigeno-gabezia nozitzen? Giza fisiologia aztertzen dutenak aspalditik saiatu izan dira galdera horri erantzuten, eta, antza denez, orain argitu dute misterioa: Estatu Batuetako Cleveland Unibertsitateko ikertzaileen arabera, odoleko oxido nitrikoan dago gakoa.

Cleveland itsas mailatik 205 metrora dago, eta ikertzaileek hango 50 pertsonaren odol-zirkulazioa alderatu dute 88 tibetarrenekin. Hala, ikusi dute Tibeteko gizon-emakumeek besteek baino bi aldiz odol gehiago mugitzen dutela. Horri esker iristen zaie gorputzeko zelula guztiei behar adina oxigeno.

Ikertzaileek, gainera, alde hori zerk eragiten duen jakin dute. Batek pentsa dezake beharbada tibetarren bihotzek bi taupada ematen dutela estatubatuarren taupada bakoitzeko; alabaina, ez da horrelakorik gertatzen; bi taldeetan ez zegoen alde handirik taupaden maiztasunean. Aldea odol-hodien diametroan dago. Hain zuzen ere, tibetarren odol-hodiak zabalagoak dira, eta, beraz, odol gehiago garraiatzen dute.

Tibetarrek ez dute oxigeno-gabezia nozitzen.
X. Ostolaza

Hurrengo pausoa ere argitu dute; alegia, aurkitu dute zergatik dituzten odol-hodi zabalagoak, eta, nonbait, oxido nitrikoa da erantzulea. Oxido nitrikoak eta hura degradatzean sortzen diren nitratoak eta nitritoak odol-hodiak zabaltzea eragiten dute. Bada, tibetarrek molekula horien 10 aldiz kontzentrazio handiago dute odolean Clevelandekoek baino.

Normalean, hain kontzentrazio handia izatea gaixotasun-seinale litzateke; adibidez, septizemietan, bakterioek eragindako odol-infekzioetan, ohi baino nitrato eta nitrito gehiago izaten dute gaixoek odolean. Tibetarrek, ordea, ez dute inolako osasun-arazorik kontzentrazio horiek izateagatik; alderantziz, haientzat mesedegarria da.

Oxido nitrikotik Viagrara

Ikertzaileen arabera, ez dirudi Viagra aproposa denik mendizaleek garaieran izan ditzaketen osasun-arazoak prebenitzeko.
A. Galarraga

Tibetarrek 20.000 urte daramate bizitzen goi-ordoki hartan, eta besteek baino oxido nitriko gehiago sortzeko gaitasuna genetikoa da. Edonola ere, ikerketaren emaitza garrantzitsua da ikertzaileentzat, oxido nitrikoa oxigeno-gabeziaren ondorioz kalteak izan dituzten pertsonak tratatzeko erabil daitekeela uste baitute.

Baina ez da bakarra, beste substantzia batzuk ere baliagarriak izan daitezke oxigeno-gabeziak dakartzan kalteei aurre egiteko. Hain justu, Viagrak kirgiztarrei errazago arnasten laguntzen ziela frogatu zuten Londresko ospitale bateko ikertzaileek.

Kirgiztarrak Asia erdiko Ten Shan mendietan bizi dira duela 500 bat urtetik, eta oraindik ere mendiko gaitza izaten dute. Londresko ikertzaileek frogatu zutenez, zakileko odol-fluxua galarazten duen entzima berak biriketako arteriak estutzen ditu, eta, beraz, garaiera handietan arnasa hartzea zailtzen du. Viagrak, berriz, entzima horren jarduera blokeatzen du, eta, horregatik, biriketako odol-hodiak zabaltzen ditu eta ondo arnasten laguntzen du.

Zazpika-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia