}

Tigre-arrain afrikarra enara-ehizan

2014/01/14 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

tigre-arrain-afrikarra-enara-ehizan
Tamaina handikoak (metro bat har dezakete) eta hortz zorrotzeko arrain harrapariak dira tigre-arrainak.

Hegoafrikako Schroda Dam aintzira artifizialean egin dute grabazioa. Tigre-arrainak ur-azpitik salto egin eta ur-azaletik gertu hegan ari den enara irensten du. Hegoafrikako North-West unibertsitateko ikertzaileen esanean, lehenengo aldia da halako portaera dokumentatu dela tigre-arrainentzat. Duela 60 urtetik existitzen dira enara-ehizaren aipamenak, baina orain arte ez da lortu frogarik biltzea. Ikertzaileek 15 egunez egin zieten jarraipena aintzirako tigre-arrainei, eta, emaitza ikusita, enarak arrainen dietaren parte arrunt samarra direla uste dute.

Journal of Fish Biology aldizkarian argitaratu dituzte behaketaren emaitzak. Artikuluan esaten dutenez, aztertutako 15 eguneko epealdian eguneko 20 bat ehizaldi arrakastatsu behatu dituzte, eta, guztira, 300 enara harrapatu dituzte tigre-arrainek (Hydrocynus vittatus). Ikertzaileen ustez, kopuru horiek adierazten dute enara-ehiza ez dela noizbehinkako portaera, ez, gutxienez, aintzira horretako tigre-arrainen artean.

Enara-ehiza hain aktiboa aintzirako janari eskasiaren ondorio izan daitekeela uste dute ikertzaileek; izan ere, artikuluan bertan esaten dute Schroda Dam aintzirako tigre-arrainek gainerako populazio lokalek baino hiru bider denbora gehiago pasatzen dutela jatekoaren bila.

Irudian, enarak ehizatzeko bi estrategiak. Arg. Journal of Fish Biology

Bi ehiza-estrategia dokumentatu dituzte ikertzaileek: batzuetan ur-azal azpitik jarraitzen diote gainetik hegan ari den enarari, eta ondoren egiten dute salto; eta, beste batzuetan, zuzenean egiten dute salto sakonera handiagotik. Ikertzaileek jasotako datuen arabera, bigarren hori da teknikarik arrakastatsuena.

Ehizaldiak grabatzeko pista goizerdiko arrainen ezohiko jarduerak eman zien ikertzaileei: udan, 8ak eta 12ak artean, ohiko janleku eta babesguneetatik kanpo ibiltzen ziren oso aktibo; eta denbora-tarte horrek bat egiten zuen enara migratzaileak jateko eta edateko aintzira gainetik hegan pasatzen ziren momentuarekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia