Titango mendiak
2006/12/28 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Titanen inoiz ikusi den mendilerro handiena bistaratu du Cassini espazio-ontziak. Irudi-konposizio hau 12.000 milioi kilometrora hartutako argazkiekin egin dute. Mendilerroa 150 kilometro inguru luze da eta 30 kilometro inguru zabal; eta 1.500 metro inguruko garaiera du.
Mendi horiek nola sortu ziren ez dakite, baina litekeena da Titango plaka tektonikoak bereizi ahala barruko materiala ateratzearen ondorioz sortzea, Lurrean, Ozeano Atlantikoaren erdiko dortsala sortzen den antzera.
Mendilerroaren argazkiak lortzeko, bi eratako irudiak hartu ditu Cassini espazio-ontziak, batzuk radar bidezkoak eta besteak irudi infragorriak. Irudi bakoitza bere aldetik interpretatzea nahiko zaila da, baina, biak konbinatuta, informazio oso baliagarria lortzen da, radarrak eskaintzen dituen irudietan mendien formari antzeman dakiekeelako, eta irudi infragorrietan, berriz, horien itzalei.
Argazkia: NASA