}

Titani buruzko emaitzak argitara

2005/12/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Goiko irudia Huygens zundak hartutakoa da. Titanen lur hartu ondoren atera zuen argazkia; ageri diren harriek 10-15 zentimetro neurtzen dute, eta, seguru asko, ur izoztuz osatuta daude. Azpian, ale xeheko substratu iluna nabaritzen da.

Argazkiaren erdialdean, aurrealdeko eta atzealdeko harrien artean, harri gutxiko gune bat ageri da. Gune hori ubide-itxurako egitura baten barruan dagoela ikusten da urrunagotik hartutako irudietan. Astronomoen ustez, litekeena da lehortutako laku baten hondoa izatea.

Saturnoren Titan sateliteari buruzko irudi horretaz gain, beste irudi eta datu asko jaso dituzte ESAn Huygens zundari esker, eta, orain, datu horiek aztertu dituzten astronomoek emaitzen berri eman dute Nature zientzia-aldizkarian.

Besteak beste, atmosferan eta zoruan dauden elementu kimikoak aztertu dituzte, eta ikusi dute atmosferan konposatu organiko ugari daudela. Astronomoen esanean, konposatu horiek zer egitura duten jakitea lagungarria izango da ulertzeko nola osatu ziren Lurrean bizia sortzeko aukera eman zuten lehen molekulak.

Irudia: ESA/NASA/University of Arizona