Titaniozko ahoak
2001/09/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sasoi batean berrikuntza izan ziren, baina gaur egun hortz-haginetako kirurgian inplanteak gero eta ohizkoagoak dira.Labur esanda, inplanteak hortz-haginen berezko sustraien ordezko artifizialak dira, masailezurrera lotzen diren titaniozko torlojuak. Titanioa erabiltzen da, material horrek ez baitu errefusarik eragiten. Inplanteek hortz-haginak ordezka ditzakete edo zubi finkoei eusten lagun dezakete. Alde horretatik begiratuta, duda barik, inplanteak hortz-haginak konpontzeko irtenbiderik egokiena dira.
Dena den, inplantea jartzeak desabantailak ere baditu, edo orain arte izan ditu. Batetik, denboraren desabantaila dago; orain arte inplante bakarra egiteko, torlojua jarri eta hortz-hagin finkoa jarri arte, gutxienez hiru hilabete behar zirelako. Bestetik, poltsikoa dago; eta alde horretatik argi dago inplanteak oso garestiak direla, ohiko zubiak edo hortzeria artifizialak baino dezente garestiago. Azkenik, tartean kirurgia sartzen denez, edozein ebakuntza egitean sor daitezkeen arazoak ere kontuan izan behar dira.
Duela gutxi asmatu den inplante-sistemak denboraren desabantailari irtenbidea eman dio, eta ez nolanahikoa, egun bakar batean beheko hortz-hagin guztiak jar baitaitezke.
Prozesua azkartzeko gakoak ez du zerikusirik titanioaren eta ehunaren arteko osteointegrazio-gaitasunarekin, banan-banan egiten diren inplanteek ere bai baitute ezaugarri hori. Gakoa sistema horretan erabiltzeko asmatu diren egituretan eta egitura horiek jartzeko erabiltzen den prozesuan dago. Diru-kontuetan, berriz, aldaketarik ez, hilabete batzuetan hortz-hagin guztiak banan-banan jartzea edo egun bakar batean masailezur guztia egitea antzera ordaindu behar baita.
Ebakuntza aurrekoak
Inplanteak egun bakar batean egiteko sistemak Novum du izena, Branemark osteointegrazio-sistemaren azken berrikuntza. Hala ere, sistema berria ezin da edonorekin erabili. Masailezurrak gutxieneko neurriak izan behar ditu, 12-13 milimetroko altuera eta 6-7 milimetroko zabalera. Gainera, pazienteak osasun-egoera onean egon behar du, bi orduko ebakuntzari aurre egin behar baitio.
Ohiko ebakuntzetan bezala, ebakuntza-gelara sartzea erabaki baino lehen hainbat proba egin behar izaten da, ohiko azterketa klinikoak eta erradiografiak.
Ebakuntzan pazientea esna egoten da, baina lasaigarriak hartuta; hau da, “ahoa ireki”, “ahoa itxi” bezalako aginduak betetzeko eta “minik baduzu?” bezalako galderei erantzuteko gai da, baina ez du minik sentitzen, sedazioarekin batera ohizko anestesia erabilita ahoa lokarrarazten baitzaio.
Goizeko 8ak dira. Dagoeneko pazientea ebakuntza-gelan dago, lasaigarria emanda. Ebakuntza hortzoia zabaltzetik hasten da. Gehienetan, inplanteen beharra dutenek ez dute ez hortzik ez eta haginik edukitzen, baina kasu batzuetan baliteke horiek ere edukitzea; hortaz, horrelakoetan hortzoia ireki aurretik, hortzak eta haginak atera behar izaten dira.
Hortzoia ireki eta gero, masailezurreko albeolo-gaina berdintzen dute. Eginbehar horretarako arbastatzeko fresak edo forzeps-ak erabiltzen dituzte. Lana mekanikariena dela esan daiteke, zehaztasun ikaragarrizkoa bada ere. Tresna horiek erabilita, lanean ari direla soluzio gazi batekin etengabe ureztatuz, albeolo-gaina berdin-berdin uzten dute, 6-7 milimetroko zabalera emateraino. Masailezurreko albeolo-gaina zabalera egokiarekin utzi eta gero, ahoaren eremua lanerako prestatua, inplanteak jartzeko lana hasten da.
“Inasmet” jatorrizko inplanteak
Inplanteak jartzeko Novum sistema berrikuntza handia bada, Donostiako Inasmet zentro teknologikoak eta Miguel A. De Maeztu doktoreak inplanteetarako protesiak egiteko atera duten sistema berria ez da txikiagoa. Sistema berriari esker, inplanteetan erabiltzen diren protesien osteointegrazioa asko hobetu da.
Osteointegrazioa hezurraren eta inplantearen artean sortzen den lotura da, hor mugimendurik ez dela egongo ziurtatzen duena. Hori lortu ahal izateko, hezurrari haztean inplantea inguraraztea eragiten zaio. Dena den, paziente guztiekin ez da horrelakorik gertatzen, hainbat eragozpen izaten baitute: osteoporosi-arazoak, hezur gutxi eta abar.
Hain zuzen ere, Inasmet-ek eta Maeztu doktoreak patentatu duten sistemak inplanteak hezurrarekin bat egitean sor daitezkeen arazo horiek saihesten ditu. Sistema berrian protesiak egiteko, partikula-sortak erabiltzen dira, ioi-sortak alegia. Prozesu horretan gorputzera substantzia arrarorik sartzen ez denez, kalterik egiten ez dutenak, prozesua biobateragarria dela esan daiteke.
Oraingoz sistema berria hortz-haginetako inplanteetan erabiliko da, baina une honetan bestelako hezur-inplanteetan erabil daitekeen ala ez ikertzen ari dira; hala nola belaunetako protesiak, mokorrerako protesiak eta abar.
Proiektuak sei urteko iraupena izan du, eta Inasmet-ek Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Osakidetzarekin eta Espainiako Estomatologoen eta Odontologoen Kontseilu Orokorrarekin batera egin du lan.
Egituraz egitura
Lehen esan bezala, sistema honen berrikuntza nagusia inplanteak jartzeko asmatu diren egituretan dago. Prozesuan, guztira, lau txantiloi-mota erabiltzen dira.
Lana txantiloi gidaria masailezurraren gainean jartzen denean hasten da. Txantiloi horrek 6 milimetroko zabalera duenez, aurrez sortu den albeolo-gainaren oinarria egokia den edo ez ikus daiteke. Txantiloiak 3 zulotxo ditu, gero loturak jarriko diren finkapen-puntuak markatzeko.
Markatze-fasea txantiloiaren erdiko zulotxotik abiatzen da, fresa gidaria erabilita. Hiru markak egin eta gero, 2 milimetroko fresa helikoidalarekin, zuloak egiten dira. Zuloak egindakoan, txantiloi gidaria erabilita, pin gidariak jartzen dira, lehenik erdiko zuloan eta gero albokoetan. Pin horiek oso erabilgarriak dira, hezurraren barruan sartzen den zatian 2 milimetro dutelako eta sartzen ez den zatian 5 milimetro. Hortaz, horren arabera jakin daiteke fresa erabiltzean hezurra zenbat jan behar den.
Pin-ak jarri eta gero, balioztatze-txantiloiaren lana hasten da. Txantiloi hori egindako zuloak ondo eginda daudela jakiteko erabiltzen da.
Balioztatze-txantiloiarekin berriro ere pin gidariak jartzen dira. Pin horiek erraz sartzen badira, lana ondo eginda dagoen seinale; sartzea zaila bada, berriz, egokitzapenak egin beharko dira. Egokitzapenak egin eta gero, pin-ak jartzeak zaila izaten jarraitzen badu, prozesua berriro fresa gidariarekin hasi egin beharko da. Hiru zuloen posizio egokia lortu eta gero, kokapen-txantiloia erabiltzen da. Masailezurrean jartzen dute, eta alboetako bi zuloetan pin gidariak ezartzen dituzte.
Txantiloi hori, erdiko zuloa fresa bereziekin —3 eta 4,4 milimetro artekoak— eta fresendako txantiloiekin —2 eta 5 milimetro artekoak— prestatzeko erabiltzen da. Fresendako txantiloiak kokapen-txantiloian jartzen dira, alde bat masailezurreko zuloan dutela eta bestea txantiloiaren heldulekuan. Gero, fresekin lana egiten da, fresa txikienetatik abiatuta handieneraino, erdiko lotura jarri arte. Lotura jarrita dagoenean, kokapen-txantiloia kendu eta beste txantiloi baten lana hasten da, V erako txantiloiaren lana.
V erako txantiloia alboetako loturak jartzeko erabiltzen da. Behin-behineko torloju baten bidez erdiko loturari lotzen zaio. Gero, pin gidariaren laguntzarekin V erako txantiloia masailezurreko albeoloaren gainean jartzen da. Aurrez egin den bezala, hainbat neurritako fresekin lan eginda alboetako loturak jartzen dira. Horiek jarritakoan, V erako txantiloia kendu eta loturak ondo jarrita daudela begiratu behar izaten da. Hiru loturak ondo jarrita badaude, azpiko eta gaineko egitura protesikoak —aurrez egindakoak eta sistema honetako berrikuntza nagusia— hiru loturekin probatzen dira, loturak toki eta modu egokian daudela ikusteko.
Dena ondo badago, kirurgialariaren lana bukatzeko moduan egoten da. Aurrez egindako titaniozko azpiko egitura hiru loturen gainean jartzen da. Azpiko egitura hori lehenengo behin-behineko torlojuekin lotzen da, loturak eta azpiko egitura hobeto elkar daitezen. Gero, beste torloju batzuen bidez, azpiko egitura behin betiko lotzen dute.
Azken urrats horrekin kirurgialariaren lana amaituta dago. Protesikoak hartzen dio txanda. Azpiko eta gaineko egiturak elkarrekin lotzen dira. Aurrez egindako piezak direnez, ez dago arazorik ondo ahokatzeko. Biak lotutakoan, silikona-pasta —argizaria— erabilita, masailezurraren neurriak hartzen dira, gero protesiak behar bezala egin ditzaten.
Titaniozko gaineko egitura askatu, eta silikonaz hartutako neurriekin batera, laborategira bidaltzen da, han benetako protesia egin behar baitute. Eguerdi aldea da dagoeneko, pazienteak arratsaldera arte atseden har dezake.
Protesiak denbora errekorrean
Ebakuntzan hartutako argizarizko moldea eta gaineko egiturari eutsiko dion pieza jaso ondoren, protesikoa lanean hasten da. Hutsetik hasita, eta ordu gutxitan, protesi osoa egin behar du.
Dena den, abantaila bat badu: bestelako protesi finko eta mugikorrak ez bezala, orain pieza guztiak aldez aurretik fabrikatuta daude. Metodo honekin denbora asko aurreratzen da, eta pazienteak ez du beste protesi bat erabili behar berea bukatu arte. Pazienteak, dentistak lagunduta, hortz eta hagin berrien tamaina eta itxura aukeratzen du, baita kolorea ere.
Protesikoak beheko hagin-lerroko pieza guztiak gaineko egituran lotzen ditu eta argizariz finkatu, aldaketaren bat egin behar balitz ere. Artikulagailuaren laguntzaz, masailezurraren mugimendu guztiak itxuratzen dira, mugimendu guztiak behar bezala egin daitezkeela ikusi ahal izateko. Kasu batzuetan, pazienteak goiko aldeko protesi mugikorra erabiltzen du, eta protesi bera erabiliko da artikulagailuan.
Argizaria makina batean ordubetez gogortzen utzi ondoren, bukatuta dago probako muntaia. Muntaia honekin, pazientearengana joan behar da protesi biguna probatzera eta haren oniritzia jasotzera. Protesikoa bere lantokira itzuliko da behin betiko protesia prestatzera, baina oraingoan ore gogorra erabiliko du. Bigarren hori argizarizko protesiari molde bat eginda aterako du.
Protesia berriz ere gaineko egituran muntatu eta lehortzen utzi behar du. Prozesu osoa egiteko, bost ordu inguru behar izan ditu. Orain, gaineko egitura kutxan sartu eta klinikara eraman beharko da. Han, lau torloju txiki erabilita, aurrez jarritako titaniozko egiturekin lotzen da.
Arratsaldeko 6ak inguru dira, eta pazienteak hortz-hagin berriak ditu. Etxera joan daiteke. Astebetera itzuli beharko du eta guztia ondo dagoen begiratuko dute. Horrela bada, handik bi edo hiru astera itzuli beharko du, sei hilabetera gero eta azkenean urteroko ohiko azterketak baino ez ditu egin behar izango.
Tratamenduaren balizko arriskuak
Masailezurra haustea . Hezurra gehiegi fresatzen bada, masailezurra haustea gerta daiteke. Horrelakoren bat gertatuz gero, inplante klasikoak egin beharko lirateke.
Hemorragiak . Loturak jartzeko zuloak gaizki eginez gero, odol-isuriak gerta daitezke.
Loturak ezegonkor geratzea . Hezurraren ezaugarriengatik, loturak gehiegi estutu izanagatik edo zuloak gaizki lantzeagatik baliteke loturak ezegonkorrak izatea. Arazoa konpontzeko, masailezurraren altuera gehiago gutxi daiteke, edo bestela inplante klasikoa egin.
Hezurra berotzea . Fresekin presio handiegia egiteagatik edo fresak erabiltzean ahoa gutxi ureztatzeagatik hezurra hondatu egin daiteke. Novum teknikarekin hezurra hondatzeko aukerak ohikoak baino handiagoak dira, loturak handiak dira eta. Arazoa saihesteko, kontu handiz fresatzearekin batera, lan-eremua etengabe ureztatu behar da.
Nerbioak kaltetzea . Loturen posizioa txantiloien bidez egiten da. Beti dago txantiloiren bat gaizki jartzeko arriskua, eta horrela nerbioren bat honda daiteke. Horrelakorik gerta ez dadin, aldez aurretik neurri guztiak ondo baino hobeto hartu behar dira.
Osagaiak apurtzea . Osagai berriak apurtzea ez da gauza erraza, baina gerta daiteke. Arriskua gutxitzeko, kirurgia-teknika leunak erabiltzea gomendatzen da.
Loturak hondatzea . Prozesu guztia ondo joanda, ez litzateke oso normala izango. Baina baliteke noizbait –kolpe bat hartuta, hozkada traketsen bat eginda…– loturaren bat hondatzea. Lotura berriak ezartzea baino beste irtenbiderik ez dago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia