Tokio azpiko faila ez dago urruti
2005/07/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Tokio faila baten gainean dago. Horregatik, lurrikara eta mugimendu sismiko asko izaten dira hiri hartan. Betidanik izan dituzte. 1923an, adibidez, oso lurrikara bortitza izan zuten, eta 105.000 lagun hil ziren. Gaur egun, 33 milioi biztanleko hiria da, eta, 1923koaren antzeko beste lurrikara bat gertatuz gero, sekulako sarraskia izan daiteke. Ez da harritzekoa ahalik eta baliabide gehien izatea hiri azpiko failaren mugimenduak neurtzeko eta iragartzeko. Hala ere, nahiz eta teknologia berriena erabiltzen duten, orain arte ezin izan dute zehaztasun handiz neurtu faila zer sakonetara dagoen.
Orain arte uste izan da lurrazaletik berrogei bat kilometrora dagoela faila, baina, Hiroshi Sato geologoaren azken neurketen arabera, askoz gertuago dute. Lehergailuak eta bibragailuak erabiliz, Satok neurtu du gehienez lurrazaletik 26 kilometrora dagoela faila, eta gertuago egon litekeela. Oraindik zehaztasun handiagoko neurketak egin beharko dituzte datu horiek baieztatzeko, baina faila hain gertu egoteak esan nahi du lurrikara handi bat uste baino arriskutsuagoa izango litzatekeela. Ikuspuntu horretatik, oso hiri arriskutsua da Japoniako hiriburua.