}

Toles ezazu lanean hasi baino lehen!

2002/09/25 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

New Yorkeko Unibertsitateko biokimikari-talde batek proteina txiki bat hiru dimentsiotan nola tolesten den iragartzea lortu du.

Nahiz eta kate-itxuran eratu, proteinek hiru dimentsioko egitura batera tolestu behar dute funtzionatu ahal izateko. Nolabait, egitura horiek molekula txiki bat inguratuta eta 'besarkatuta' egiten dute beren lana. Baina hori egiteko proteina ez da edozein modutan tolesten, har ditzakeen milaka itxuretatik batek bakarrik funtzionatzen duelako. Izan ere, zelulak sintetizatzen duen heinean ari da proteina bere kabuz tolesten, eta beti (edo ia beti) jarrera eraginkor bakar horretara egokitzen du.

Zientzialariek laborategian egiten dutenean, ordea, ez dute emaitza hori lortzen. Proteina sintetikoek, naturan sortutako baten konposizio kimiko bera izan arren, ez dute dagokien itxura hartzen; desnaturalizatu egiten dira toleste-bidean. Biokimikariak oso kezkatuta daude arazo horrekin. Nola tolesten dira naturan proteinak? Proteina jakin baten konposizioa aldez aurretik emanda, bada modurik bukaerako egituraren berri izateko? Galdera horiei erantzuna ematea lortzen duen zientzialaria Nobel Saria jasotzeko hautagaia izango da, seguruenik.

Ikerketa

Helburu horrekin jorratutako ikerketa-lerroak ugari dira, noski. Baina saio gehienek ez dute aurrerapenik ekarri. Laborategian nahiz ordenagailuan egin dira probak. Adibidez, talde bat saiatu zen berezko tolestea aztertzen, proteina natural bat zabalaraziz eta bere kabuz tolesten utziz. Baina oso zaila da horrelako saioetatik jokaera orokorrak ulertzea.

Orain, talde batek zerbait lortu du beste metodo batez. 20 aminoazidoz osatutako proteina txiki bat nola tolesten den iragartzea lortu dute ordenagailu bidezko simulazio batean. Lan zaila da, proteina 'printzipio' konplexuen bidez tolesten baita; Carlos Simmerling ikertzailearen taldeak behin behintzat lortu du. Erabili duten proteina, Trp-cage, 20 aminoazidokoa da, eta giza gorputzeko gehienek ehunka aminoazido izaten dituzte, baina abiapuntua da. Agian bide egokian daude. Orain ikusi egin beharko da 20 aminoazidoko edozein proteinari egokitzen zaion metodologia hori, edo kasu horretan bakarrik funtzionatzen duen. Dena dela, arrakastaz hitz egin behar da, eta itxaropenerako ate bat irekita utzi.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia