}

Topa-Erreka 98

1998/06/01 Erreka Plataforma Iturria: Elhuyar aldizkaria

Apirilaren 25ean Bilboko Zazpi kaleetako La Bolsa auzo etxean Topa-Erreka izeneko topaketa eta ideia-trukaketarako jardunaldia antolatu zuen Erreka Plataforma Ekologistak.

Parte-hartzea handia izan da eta gustura egin genuen lan. Baina gure topaketa ez zen horretara bakarrik mugatu, hartu genuen aisialdirako unerik ere.

Topa-Erreka iaz Nafarroan egindako ekotopaketen ondoren sortu zen. Izan ere, bertara joandakoei inkesta bidali genien han gertatutakoaz zuten iritzia jakiteko, eta askok eta askok ekologian dihardugunon topaketa gehiago behar direla edo sarriago egitea ondo legokeela aipatu zuten. Hori ikusita, hurrengoa Erreka plataformak berak antola zezakeela pentsatu genuen. Bizkaian egitea erabaki zen, baina herrialde guztientzat zabalik.

Topa-Erreka eguna arloetan banatu genuen, gaur egun dagoen interes-aniztasunari erantzuteko asmoarekin; horrela, goizez lau gai teorikorekin aritu ginen: Energia alternatiboak, Ingurugiro-heziketa, Kontsumoa eta ekologia eta, azkenik, Munduko egoera. Arratsaldeko saioan, berriz, lau tailer antolatu genituen: Ekintza ez-bortitzaren prestaketa, Elkarri entzutea, Sare informatikoen erabilera eta Hiri-ibilbidea.

Esan daiteke, bestalde, aldez aurretik markatu genituen helburuak ongi bete direla:

  • Parte-hartze zabala izatea; ez baikenuen nahi topaketa hauetan inolako erabakirik hartu, ideiak zabaldu eta gaur egun ditugun erronka berriei buruz hitz egin eta non gauden aurkitu baizik.
  • Orain arte mugimendu ekologistaren barruan kokatuta ez dagoen jendearengana hurbiltzea, beraien parte-hartzea bultzatuz.

Parte-hartzeari dagokionez, guk espero baino handiagoa izan dela aipatu behar dugu, laurogei pertsona hurbildu baitziren izandako eztabaidetara eta tailerretara. Gai aukeratuenak Energi alternatiboak eta Ingurugiro-heziketa izan ziren; tailerren kasuan berriz, Elkarri entzutea eta Hiri-ibilbidea.

Tailerrak amaitu ondoren, Topaketa eguna burutzeko, balorazio-orriak banatu eta bilera orokorra egin genuen, partaideek zuten iritzia zuzenean jaso nahirik.

Ondokoa azpimarra daiteke jendeak esandakotik:

  • Taldeetan izandako parte-hartzea. Handia izan zen, hots, ia guztiek hitz egin zuten.
  • Komunikaziorako giro egokia. Jendeak ez zuen berea komunikatzeko garaian zailtasunik aurkitu, erraz komunika zitekeen.
  • Gaietan sakontzeko denbora falta. Parte-hartzea handia izan bazen ere, ez genuen sakontzeko betarik izan. Atsedenaldiak galdu baziren ere ez zen nahikoa denborarik izango.

Halaber, aipatzekoa da mugimendu ekologistako hainbat aurpegi ezagun ez zela bertan ikusi eta, ondorioz, jande berria eta aspaldikoa biltzea dela aurrerantzerako geratu zaigun erronka garrantzitsuenetariko bat.

Amaitzeko esan, arratsalde partean Hego Euskal Herriko hainbat taldek bilera egin zutela, Erreka plataforma ekologista barne, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan Erreka plataforma sortzeko egitasmoa aztertzeko. Bertan hartu zen Hego Euskal Herri osoa hartuko lukeen Erreka plataforma ekologistaren perspektiba lantzeko urrian beste bilera bat egiteko erabakia.

Eman den urratsa garrantzitsua izan da inondikan ere, baina badugu oraindik zer egina. Ea topaketak eman digun bultzadaz baliaturik erronkei behar bezala erantzuteko gai garen. Baiezkoan gaude!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia