}

Tornadoen indar suntsitzailea

2001/05/11 Elhuyar Zientzia

Hasi da tornadoen garaia Estatu Batuetan! Tornadoak kumuloninbo hodei batetik jaisten diren haize-zurrunbilo indartsuak dira eta gainerako fenomeno atmosferikoak baino suntsitzaileagoak dira. Oso itxura berezia dute, tximinia baten moduan jaisten baitira eta beren ardatzaren inguruan izugarrizko abiaduran biratzen dute. Tximinia lurretik hartutako hauts partikulengatik eta erdian kondentsatzen diren ur-tantengatik ikus daiteke eta hego-hemisferioan ordulariaren orratzen noranzkoan biratzen dute; ipar-hemisferioan, ordea, alderantzizko noranzkoan biratzen du. Hala ere, batzuetan tornadoek aurkako noranzkoan biratzen du.

Tornadoek, lurra ukitzen duten tokian, metro gutxitik ia kilometro bateko zabalera izan dezakete, eta kilometro asko ibil daitezke, bidean topatzen duten guztia birrinduz.

Presio baxuko eremuetan eta haize-bolada indartsuak daudenean sortzen dira. Tximiniako haizearen abiadura 480 km/h baino handiagoa izan daiteke; inoiz, 800 km/h-ko abiadura neurtu da. Tornadoak eragindako kalteak haizearen abiaduragatik eta erdiko presio baxuagatik izaten dira.

Latitude epeletan maizago sortzen dira, batez ere udaberri-hasieran eta Estatu Batuetako hainbat tokitan sarri samar gertatzen dira. Hala ere, hurbilagoko lekuetan ere azaltzen dira, adibidez, Iberiar penintsularen ekialdean eta Balear Uharteetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia