Transgenikoen kontrako luzamendua amaitzear
2000/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Genetikoki eraldatutako produktuen kontra Europako Batzordeak ezarritako luzamendu ez ofiziala amaitzear egon liteke. Batzordeak transgenikoak osasunarentzat arriskutsuak ez direla onartzeko garaia dela uste du. Hala ere, transgenikoak ekoizteko baimenak eman aurretik, produktu horiek zehatz-mehatz identifikatuko direla eta jarraipen zorrotza egingo zaiela ziurtatuko duten mekanismoak jarri nahi ditu martxan. Erabakia urtearen amaieran indarrean jar daiteke. Europako Batzordearen proposamenak Greenpeace erakundearen kritika biziak jaso ditu. Horien ustez transgenikoak kontrolatzeko sistema multinazionalen mesederako proposatu da eta ez kontsumitzaileak babesteko. Irlandako europarlamentarioak ere, Batzordearen asmoa gauzatzea Europako kontsumitzaileak iraintzea dela adierazi du. Eta ez da bakarra. Europako Parlamentua osatzen duten hainbat herri luzamendua indargabetzearen aurka daude, besteak beste hurrengo sei hilabeteetan Europako Batasuneko buru izango den Frantzia. Transgenikoek, beraz, eztabaida bizia ekarrriko dute Europako Legebiltzarrera.
Osasuna eta Kontsumitzaileak Babesteko Europako Komisarioak bestelako iritzia du: proposamenarekin Europa Bioteknologia zientzi alor garrantzitsuan atzean ez dela geldituko ziurtatu eta, aldi berean, osasun publikoa, ingurugiroa eta biodibertsitatea babestu nahi dutela adierazi du. Horretarako, hau argudiatu du: mundu osoan egiten ari diren ikerketek transgenikoak osasunarentzat arriskutsuak ez direla ondorioztatu dute. Transgenikoak identifikatzeko sistema erabat zientifikoa eta zorrotza dela eta kontsumitzaileek erosten ari direnaren gaineko informazio osoa jasoko dutela adierazi du. Aldi berean, transgenikoak ekoizten dituzten konpainiek debekuaren kontrako auzia ez ote duten irabaziko beldur da Europako Batzordea. Orduan, inolako araudi zorrotzik osatzeko denborarik gabe transgenikoak merkaturatu egin beharko lirateke. Proposamena, beraz, prebentzioa litzateke. Bestalde, Estatu Batuekin duten lehia komertzial eta zientifikoa ere ezin ahaztu.
1992tik 18 bat produktu transgenikok (laboreak, txertoak, loreak eta abarrek) Europan erabiltzeko baimena jaso zuten. Beste 14 onartzeke daude, nahiz eta 1998az gero bakar batek ere ez duen baimenik lortu. Batzordearen proposamena onartuz gero, horientzat guztientzat merkatua ireki egingo litzateke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia