}

Trilobite begiluzea

2003/09/19 Elhuyar Zientzia

Oso fosil berezia aurkitu dute Marokon. Duela 380 milioi urte bizi zen trilobite baten fosila da, baina oso ezaugarri bereziak ditu: bi zutabe garairen itxura duten begiak. Orain artean ez da horrelakorik ikusi trilobite-fosiletan eta jakin-min handia sortu du antropologoen artean. Erbenochile erbeni izena jarri diote espezieari, eta deboniar garaian bizi zela uste dute.

Aspaldi iraungitako artropodoak dira trilobiteak. Itsasoan bizi ziren, eta antenak eta intsektuen moduko begiak zituzten. Horiei esker, inguruan zutena ukitu eta ikusten zuten. Zoruan arrastaka mugitzen ziren bizkor-bizkor batetik bestera, baina arrain predatzaileekin batera bizi ziren itsasoan eta lurzoruan sartuta babesten ziren.

Marokon aurkitutako trilobite honi begi berezi horiek oso lagungarri izango zitzaizkiola uste dute zientzialariek. Izan ere, begiak gainerako trilobite-espezieek baino askoz ere altuago zeuzkan eta 360º-ko ikuspegia lortzen zuen bien artean. Horrek, seguruenik, predatzaileak urrutira ere ikusten lagunduko zion. Gainera, goialdean bisera moduko bat zuten begiek, eta horrek goitik zetorren gehiegizko argitik babesten zituela uste dute ikertzaileek.

Argazkia: Science.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia