}

Tsarinen ileek beren heriotzaren misterioa argitzen lagundu dute

2001/03/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Moskuko Kremlinen, Erdi Aroko hilerrietan aurkitutako gorpuei analisi kimikoak egin dizkiete eta emakumeen hezurrek berun eta merkurio ugari zutela ikusi dute. Ikertzaileen arabera, Erdi Aroan emakumeek metal astun horiek zituzten kosmetiko eta ukenduak erabiltzen zituzten. Horretaz gain, Anastasia Romanova eta Elena Glinskaya tsarinen pozoitzeari buruzko kondairak argitu ziren beren ileetako merkurio-kopurua neurtuta.

Iaz, Errusiako Zientzia Akademiako ikertzaileek XV eta XVI. mendeko aztarnak aztertu zituzten, garai hartako egoera ekologikoa ikertzeko asmoarekin. Horretarako, besteak beste, laginek zuten merkurio-, berun- eta artseniko-kopuruak neurtu zituzten. Lortutako emaitzak zeharo harritu zituen.

Kremlingo Goiangeruaren katedralean dagoen nekropolian gordetako printzesa eta tsarina errusiarren hezurren hondakinak aztertu zituzten. 1503an hil zen Sofia Paleolog dukesa handiaren hezurrek kiloko 58,6 mg berun zituen (kopuru arrunta 1,9 mg da), zink-kopurua normala dena baino bi aldiz handiagoa zen eta kobre-kopurua lau aldiz handiagoa. 1645ean hildako Evdokia Streshneva tsarinaren hezurren berun-kopurua 55 aldiz handiagoa zen, artseniko-kopurua 10 aldiz handiagoa eta merkurio-kopurua ere beste hainbeste. Antzeko kopuruak aurkitu zituzten Evdokia Staritskaya printzesaren hezurretan, 1569an hildakoa, baita Euphrosinia Staritskayarenean ere. Emaitzek Erdi Aroko Kremlineko emakumeak etengabe berunarekin, merkurioarekin, artsenikoarekin eta barioarekin kontaktuan zeudela adierazten dute.

Garai hartako gizarte-arauen arabera, ekitaldi ofizialetan gorteko damek aurpegi zuriak azaldu behar zituzten. Bestalde, tindagai berdinak erabiltzen ziren margolaritzan zein kosmetikan; tindagai horiek, ordea, merkurioa, beruna eta artsenikoa zuten eta sendagai asko ere metal horiekin egiten ziren. Adibidez, artsenikoa tifusa eta amigdalitisak tratatzeko erabiltzen zen; hormak pintatzeko erabiltzen zen margo artsenikoduna ere osasunarentzat kaltegarria zen. Hala ere, Evdokia Staritskayaren hezurretan aurkitutako barioaren jatorria ez dute argitu. Ziurrenik, aurpegiko azala argitzeko erabiltzen zuten berun zuriak barioa ere bazuen.

Ivan IV.aren emaztea zen Anastasia Romanova tsarinaren hezurretan elementu horien kopuru are handiagoak neurtu zituzten. 25-26 urte zituela hil zen 1560an eta, kondaiaren arabera, pozoitua izan zen. Ondo gordetako bere txirikorda ilehoriaren analisi espektrofotometrikoa egin ondoren, merkurio-kopuru izugarriak zituela ikusi zuten. Hil-oihalaren zatietan eta usteldutako materian ere ezohiko merkurio-kopurua aurkitu zuten. Ikertzaileek sendagaiek eta kosmetikoek zuten merkurioaren pilaketagatik hainbesteko kopurua lortzea ezinezkoa zela uste dute. Gainera, merkurioa Erdi Aroko pozoi erabiliena zen.

1538an hil zen Elena Glinskaya dukesa handiaren (Vasili III.aren bigarren emaztea) heriotza ere misterio bat zen eta bere ile gorriaren azterketak merkurio-kopuru oso handia erakutsi zuen. Ikerlarien ustean, Anastasia eta Elenaren ileen analisiek pozoitzearen teoria frogatzen dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia