Tumore homogeneoak erasokorragoak direla berretsi dute joko-teoriaren bidez
2023/12/28 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Matematikak, histopatologiak eta genomikak bat egin dute zelula argiko giltzurrun-kartzinoma erasokorrenek tumore barneko heterogeneotasun-maila txikiagoak dituztela berresteko; hau da, zelula-mota desberdin gutxiago dituztela. EHUko Annick Laruelle Ikerbasque irakasleak egin du ikerlana, eta hipotesi hau babesten du: komeniko litzatekeela tumorebarn eko zelulen heterogeneotasun-maila handiak mantentzeko estrategia terapeutikoak aplikatzea, minbiziaren eboluzioa moteltzeko eta biziraupena hobetzeko.
Ondorio horretara iristeko, joko-teorian oinarritu da. Izan ere, minbizi-zelulen artean gertatzen diren elkarrekintzak ulertzen laguntzen du joko-teoriak. Zehazki, belatz-uso jokoa biologian lankidetza eta lehia analizatzeko garatutako tresna matematikoa da. Minbizi-zelulen kolektibitateei aplikatzen zaienean, kanpoko baliabide bat lortzeko lehiatzen direnean minbizi-zelulek izan ditzaketen jokaerak azaltzen ditu. Jokoan, baliabide bat eskuratzeko, modu erasokorrean joka dezakete zelulek, belatz batek bezala, edo modu pasiboan, uso batek bezala.
Zelula argiko giltzurrun-kartzinoman, zeina oso erasokorra baita, zelulen arteko aldebiko interakzioak aztertzeko erabili du joko-teoria, bi agertoki desberdinetan: bata tumore-heterogeneotasun txikikoa da, bi tumore-zelula mota bakarrik lehiatzen baitira baliabide batengatik; bestea tumore-heterogeneotasun handikoa da, lehia hori hiru tumore-zelula motaren artean gertatzen baita. Hala, frogatu du tumore barneko heterogeneotasunaren funtsetako batzuk, histopatologiaren eta genomikaren ikuspegitik berretsiak, matematikan oinarritzen direla.
Trends in Cancer aldizkarian argitaratu du lana, Biocruceseko, Turingo San Giovanni Bosco Ospitaleko eta Rio de Janeiroko Pontificia Unibersidade Catolicako ikertzaileekin lankidetzan, eta, haren esanean, ondorio praktiko garrantzitsuak izan ditzake tumore gaiztoen tratamendu klinikoan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia