}

Txakur txikia, bere txikitasunean handi

2007/05/06 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Diotenez, txakurra da arrazen artean tamaina-desberdintasun handiena duen ugaztun-espeziea. Bestela, jarri aldamenean Chihuahua bat eta San Bernardo bat. Nork esan espezie bereko animaliak direnik, ezta? Bada, begi-bistarako hain desberdinak diren arren, genetikaren ikuspegitik txakur txikien eta handien arteko aldea oso txikia da; gene bakar batean omen dago gakoa.
Gordon Lark genetista, bere txakurrekin jolasean; bi txikiak caniche baten eta txakur maltatar baten arteko gurutzaketak dira, eta bestea ur-txakur portugaldar bat da, neurri ertainekoa.
D. Chase, Utah-ko Unibertsitatea

Genomikaren lan egiteko modua nahiko sinplea da, funtsean: DNA-sekuentziak ahalik eta zehatzen ezagutu eta konparatu. Eta horixe bera egin dute txakur handien eta txikien arteko aldea ezagutzeko: txakur txikien eta handien DNA sekuentziatu eta elkarrekin konparatu dituzte. Noski, halako ikerketetan gertatu ohi den bezala, azalpena erraz ematen den arren, atzean egin den lana ez da makala izan.

Ikerketa ur-txakur portugaldar batzuekin hasi zuten, ia-ia kasualitatez. Kontua da ikertzaileetako bati txakurra hil zitzaiola, Utah-ko Unibertsitateko Gordon Lark genetistari, hain zuzen ere. Kalean jaso zuen txakurra, eta urteak egin zituzten elkarrekin. Hasieran, txakurrak arraza jakinik ez zuela pentsatu zuen Larkek; baina aurrerago jakin zuen ur-txakur portugaldar bat zela. Bada, hura hil eta gero, arraza bereko txakur baten bila hasi zen, eta ur-txakurrak hazten zituen emakume batekin egin zuen topo. Emakume hark arrazako ur-txakur bat oparitu zion; ordainetan, ur-txakur portugaldarra genetikoki ikertzeko berotu zuen. Gaiari buelta batzuk eman, eta ohartu zen ur-txakurra oso egokia zela txakurren tamaina ikertzeko, batetik, arraza berekoak izanagatik oso tamaina desberdinetakoak daudelako, eta, bestetik, ur-txakur portugaldar guztiak arbaso gutxi batzuetatik datozelako.

Milaka txakurrekin lanean

Gezurra dirudien arren, irudikoak espezie bereko animalia helduak dira, Canis familiaris , txakurrak, alegia: ezkerrekoa Zoie da, oinetik sorbaldara 17 cm baino ez da, eta eskuinekoa Gibson daniar handia da, munduko txakurrik garaiena, 107 cm oinetik sorbaldara, eta 213 cm zutik! (Argazkia: © Deanne Fitzmaurice)

Hala hasi zen txakurren tamainaren ikerketa genetikoa. Ikerketa-talde mardula osatu zuen Larkek; Utah-ko Unibertsitateko lankideekin hasi zen, eta, geroago, beste hainbat unibertsitatetako jendea batu zitzaion. Eta ur-txakurren jabeen laguntza izan zuten; izan ere, ehunka ur-txakurren odol-laginak eta erradiografiak jaso zituzten. DNA-analisiak egin eta elkarren artean konparatu zituzten.

Konparaketak nahiko argi laga zuen tamainarekin zuzenean erlazionatuta zegoen gene bat bazela. Hori ikusita, ikerketa beste txakur-arraza batzuetara zabaldu zuten. Hainbat tamainatako txakurren laginak jaso zituzten, hiru milatik gora txakurrenak: Chihuahua ñimiñoak, San Bernardo mardulak, canicheak, pekindarrak, daniar handiak, ehiza-txakur irlandarrak eta abar. Guztira, ehun eta berrogeita hiru arrazatako txakurrak. Eta ikusi zuten txakur txiki guztiek gene haren aldaera bera dutela. Beraz, gene horretan dago txakurren txikitasunaren gakoa.

Txakurrak duela hamabost bat mila urte etxekotutako otsoen ondorengoak dira. Oso itxura desbesdinetako arrazak daude, jarduera desberdinetara egokitzeko hazi dituelako gizakiak.
Tyrone Spady, NHGRI

Genearen aldaera haren antzinatasuna ere ikertu zuten. Eta ez da gaur goizekoa; aitzitik, gizakiak otsoa etxekotu eta gutxira sortu omen zen aldaera hura, duela hamabi bat mila urte. Otso gehienek antzeko tamaina izaten dute; txikia izateak ez dio abantailarik ematen otsoari basabizitzan, baina bai txakurrari gizakiaren ondoan. Txakur txikiak jarduera batzuetarako oso egokiak zirela ikusiko zuten garai hartako gizon-emakumeek, eta txakur txikiak haziko zituzten.

Txakur txiki haietatik sortu ziren gaur egun ezagutzen ditugu arraza txikiak: Chihuahua, pekindarra, caniche txikia eta abar.Nork esan behar zuen kilora iristen ez den Chihuahua ziztrin baten eta ehun kilotik gorako artzakur sendo baten arteko alde nagusia gene bat izango zela!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia