}

Txakurrak zaunka, hemendik hanka!

2005/03/27 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Animaliek sen berezia omen dute hondamendi naturalak, esaterako lurrikarak, datozela sumatzeko. Etxeko katuari eta txakurrari begiratu besterik ez dago konturatzeko ekaitza etorri baino lehen urduri egoten direla, eta ez dutela kalera irten nahi izaten. Bada, hondamendi handiagoren bat gertu denean ere antzematen diote, eta animaliek oro har beren burua babestera jotzen dute berandu baino lehen.
Esaten da etxeko katuak ez duela sen basatia galdu gauza askotarako, eta, ikusten denez, lurrikarak eta antzerakoak sumatzeko gai da.

Azkenaldian denon ahotan egon da animaliek hondamendiak sumatzeko duten sena Asiako hego-ekialdeko kostaldea txikitu zuen tsunamia dela eta. Izan ere, diotenez, oso animalia gutxi hil zituen itsasgora beldurgarri hark, izatekotan ere behiak eta etxekotutako beste zenbait animalia, baina basa animalia gutxi aurkitu da hilda tsunamiaren ondoren.

Gertaera horren froga garbiena Yala-ko Parke Nazionalean aurkitu dute. Yala Sri Lankan dago, kostaldean; ohian tropikal heze eta aberatsa da. Hain zuzen ere, Sri Lankako erreserba naturalik handiena da. Landare- eta animalia-espezie asko bizi da bertan, eta jendea bereziki erakartzen duenetako bat lehoinabarra da. Urtero bisitari asko joaten dira babestutako gune horretara hango lehoinabarrak, elefanteak eta bestelako fauna ikustera.

Bada tsunamia Yalara iritsi zenean berrogei bat laguneko talde bat zegoen parkean. Guztiak hil ziren. Ez da harritzekoa, izan ere, itsasoa lur barnera sartu zen indarrean, eta kostatik bi kilometro eta erdiraino iritsi zen. Itsasgora hark bidean harrapatu zuen ia guztia eraman zuen berekin; baina basa animaliarik apenas, dirudienez.

Lurrikara txikiak izaten dira sumendi baten erupzioa baino lehen, tsunami bat baino lehen edo lurrikara handiago bat baino lehen, eta horiek sumatzeko gai dira animaliak.

Parkeko bisitariak erreskatatzeko lanetan ibili zirenak harrituta geratu ziren. Berrogei bisitarien gorpuak aurkitu zituzten, baina parkean hain ugariak diren elefanteen, lehoinabarren, bufaloen, untxien edo basurdeen arrastorik ere ez. Nolabait tsunamia zetorrela sumatu eta ihes egin zuten lur garaiagoetara.

Noski, frogatzen zail samarra da tsunami bat, hau da, olatu erraldoi suntsitzaile bat, zetorrela sumatu zutela. Baina jakina da animalia asko lurraren mugimendu txikiak hautemateko gai direna; lurrikara txikiak igartzen dituzte —gizakiok inolaz ere igartzen ez ditugunak—, eta tsunamia lurrikara batek eragin zuen.

Parkeko arduradunen arabera, zalantzarik ez da: animaliek sen berezi bat dute halako hondamendi bat gerturatzen ari dela sumatzeko. Dirudienez, ezbeharra gertatu eta egun batzuen buruan elefanteak agertzen hasi ziren berriro ere; hau da, menditik jaisten hasi ziren pixkanaka. Eta, gaur egun, parkea ohikotasunera itzuli da.

Sena eta zentzumenak

Animalien sen berezi hori aspaldidanik ezagutzen da. Agian hortik datorkie katuei leku batzuetan duten izen txarra; batzuek uste dute gaizkiarekin edo zera ezezagunekin harremana dutela katuek. Izan ere, gizakioi ezer berezirik ez dela gertatzen iruditzen zaigun arren, katuak zerbait igarri duela ematen du, eta ulertzen ez ditugun erreakzioak izaten ditu.

Tarantulak lurraren bibrazioak hautematen ditu, eta, lurrikararen bat badator, zulotik ateratzen da.

Baina zenbait lekutan horrexegatik maite dute hainbeste katua; nolabait katuaren erreakzio batzuk interpretatzen ikasi dute. Esate baterako, Sizilian Etna sumendiaren inguruko baserri guztietan omen daude katuak , eta ez bakarrik saguei aurre egiteko: sumendia lehertzekotan dagoenean lurrikara txikiak izaten dira, eta, dirudienez, katuek gizakiak igarri baino lehen sentitzen du lurraren mugimendua. Katuak urduri jartzen direnean, eta ospa egiten dutenean, alarma pizten da: erupzio-arriskua dago!

Lurrikarak bizi izan dituztenen esanean, gizakiak ezer igarri baino lehen txakurrak uluka eta zaunkaka hasten dira, zaldiak ustekabean geratu edo ihesari ekiten diote eta arratoiak kalera ateratzen dira. Animaliek sena dutela esaten da, baina zientziaren ikuspegitik sena baino gehiago zentzumenak dituzte animaliek gizakiak baino garatuago.

Katuak eta txakurrak, esate baterako, gizakiak entzun ezin dituen soinuak jaso ditzakete, eta usaimena ere askoz garatuago dute. Txakurrak, adibidez, gizakiak baino berrogei aldiz usaimen-zelula gehiago ditu, eta, horri esker, ehunka kilometrora hauteman ditzake usain batzuk. Katua ere ez da atzean geratzen, eta ekaitzaren gisako fenomeno meteorologikoak sumatzen ditu. Etxean katu kalezale bat dutenek berehala igartzen diote ekaitza datorrela, katuak ez baitu kalerako asmorik agertzen.

Sri Lankan, Yalako Parke Nazionalean untxi ugari daude, baina ez dute hildako untxirik aurkitu tsunamiaren ondoren.

Armiarmak eta tarantulak, berriz, lurreko bibrazioak antzematen dituzte, eta lurrikara bat gerturatzen denean zulotik ateratzen dira, lurrikara aurreko ikara txikiagoekin ihes egiteko sena pizten zaie. Sugeak ere antzerako jokamoldea izaten du, eta berdin lur azpian bizi diren satorrak, arratoiak eta bestelako animaliek.

Ikusten denez, animalien zentzumenetatik zer ikasia badago oraindik. Inork ez du zalantzan jartzen lurrikarak eta antzerakoak sumatzeko gai direla, baina oraindik jakiteko dago nola egiten duten. Lurrikara-alarma gisa har daitezke, eta hartzen dira, eta ez bestelako teknologiarik ez duten lurraldeetan bakarrik; pentsa, Japonian, munduko herrialderik aurreratuenetako batean, fidagarri deritzote animalien erantzunei begiratzeari: Tokioko zoologikoko animalien jarrerari beha egoten dira lurrikarak iragartzeko.

7K-n argitaratua.