Txakurren nortasuna eta bizitza-luzera
2010/06/06 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Animalia-espezie asko aztertu ondoren —inurrietatik hasi eta primateetaraino—, animalia batzuek nortasuna dutela ondorioztatu dute zientzialariek. Lotsatiak dira batzuk, eta trebeak edo oldarkorrak beste zenbait, adibidez. Biologoen ustez, izaera ezberdin horiek eta bizitzaren historia bera eskutik helduta joan dira eboluzioan. Ausartak eta oldarkorrak diren animaliek energia ugari erabiltzen omen dute, eta haien bizitzak labur samarrak omen dira; lasaiagoak, aldiz, luzeago bizi omen dira. Alegia, nortasun jakin batek xahutzen duen energiaren ondorio izan daiteke biziraupen-itxaropena; batak besteari eragiten dio, behintzat.
Quebeceko (Kanada) ikertzaile-talde batek etxekotutako txakurren eremura bideratu du bere azken lana. The American Naturalist ek eman du emaitzen berri.
Haien esanean, txakur-arrazen arteko ezberdintasunak “hautaketa artifizialaren bidez” egindako esperimentuen erakusgarri dira. Alegia, berretsi dute arraza-aniztasuna edota arrazen arteko biziraupen-desberdintasuna ez dela hautespen naturalaren fruitu. Urte askoan, erabilera bakoitzerako txakur-mota apropos edo gustukoena lortzen saiatu da gizakia. Bide horretan, aldaketak eragin ditu txakurren izaerari dagozkion zenbait bereizgarritan, eta ezaugarri horiek bizitza-luzerarekin eta metabolismoarekin zuzenean lotuta daudela uste dute biologoek.
Obedientzia, agresibitatea
Etxekotutako txakurren nortasunaren eta biziraupenarekin zerikusia duten beste ezaugarri batzuen arteko korrelazioa aztertu du Kanadako taldeak oraintsu. Arraza ezberdinen energia-gastuari eta bizitza-luzerari buruzko informazioa lortzeko beste zenbait ikerketa eta txakurren aseguru-erregistroa baliatu ditu, besteak beste. Batik bat, aktibitatea, obedientzia eta agresibitatearen arteko korrelazioa frogatu nahi izan du.
Azaldu duenez, heziketari dagokionean emaitzarik onenak dituzten txakurrak, alegia, ustez esanekoenak direnak (artzain alemana, kasu), tamaina bereko beste batzuk baino luzeago bizi dira; trebatzen zailak izan ohi direnak ( beagle edo Pomeranian arrazak, adibidez), aldiz, lehenago hiltzen dira.
Nortasun jakin batek xahutzen duen energiaren ondorio izan daiteke biziraupen—itxaropena. (Argazkia: Andrew Magill ) .
Halaber, tamaina eta jardueraren arteko korrelazioa ere badagoela egiaztatu dute: txakur txikiak handiagoak baino aktiboagoak izaten dira. Bi ezaugarri horiek erlazionatuta zergatik ote dauden oraindik ez dakite, ordea. Baliteke gizakiek tamaina txikiko baina aktibitate handiko txakurrak hobetsi izana bere “hautespen artifizialean”. Beste aukera bat litzateke tamainari eragiten dioten geneek zuzenean aktibitateari ere eragitea.
Groningen Unibertsitateko (Herbehereak) biologoentzat, Quebecekoen emaitzak “azkar bizi, goiz hil” delako esamoldearekin lotuta daude nolabait, eta hautespen naturalaren ereduek aurreikusten dutenarekin erabat erlazionatuta daudela iritzi diote. Baina, Ohioko Unibertsitatean ez dira iritzi berekoak. Ez dute argi txakurren inguruan lortutako ondorioak eztabaidaezinak direnik. “Oraindik ezin dugu ondorio orokorrez hitz egin —diote—. Naturan bizitza-luzerari buruz aurreikus dezakezunaren guztiz kontrakoak dira txakurrak. Elefanteak, adibidez, hamarkadetan bizi dira, eta baliteke arratoi batek hiru urtaro soilik bizirautea. Chihuahua batek, bestalde, San Bernardo batek baino gehiago iraun ohi du bizirik”.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia