Txarrenean ere, zerbait ona
2013/06/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Joakin Fuentes Biggik gogorarazi dit istorioa. Espektro autistaren nahasteetan genetikak eta epigenetikak duten pisuaz ari zitzaidan, Elhuyar aldizkarian argitaratuko den artikulu nagusirako. Hala, epigenetikak autismoan garrantzia handia duela esan ondoren, inguruko faktoreek geneetan duten eragina noiz eta nola frogatu zen kontatu zidan.
II. Mundu Gerraren amaiera zen. Aliatuek Herbehereen hegoaldea nazietatik askatzea lortu zuten, baina naziek eremu bat menpean gordetzea lortu zuten, eta janari-blokeoa ezarri zuten. Horren ondorioz, negu hartan, herrialdearen historian jasotako gosete handiena pairatu zuten biztanleek. Hongerwinter deitu zioten, gosetearen negua.
Gosete hark milaka heriotza eragin zituen, eta garai hartan haurdun zeuden emakumeetatik jaiotako umeak behar baino txikiagoak izan ziren. Are gehiago: haur horiei jarraipena egin zieten, eta heldutakoan ohi baino osasun-arazo gehiago izan zituzten, besteak beste, hipertentsioa, obesitatea, bihotzeko gaitzak eta arazo psikiatrikoak (eskizofrenia, asaldura neuronalak...).
Baina harrigarriena izan zen haien seme-alabak ere batezbestekoa baino txikiagoak zirela jaiotzean, eta gerora gurasoek izan zituzten gaixotasun berdinak izan zituztela, ondorioak gurasoenak baino pixka bat apalagoak izan baziren ere.
Hortik ondorioztatu zuten ikertzaileek inguruko faktore jakin batzuek eragin zuzena dutela geneetan. Horri epigenetika deitzen zaio, eta geneetan gertatzen diren aldaketei, berriz, mutazio epigenetiko. Emakume haurdun horien seme-alabek, beraz, mutazioak jasan zituzten geneetan, amen egoeraren eta inguruaren eraginez. Eta haien seme-alabek aldaketa horiek heredatu zituzten.
Ideia berria zen, eta eztabaida piztu zuen zientzialarien artean, baina denborarekin berretsi egin da, eta orain ez dago zalantzarik geneetan ez dagoela idatzita guzti-guztia, eta inguruko faktoreek ere arrastoa uzten dutela. Hain zuzen, herbeheretarren kontuekin amaitutakoan, hauxe bota zuen Fuentesek: “Ziur nago hurrengo belaunaldietan nabarituko direla orain bizitzen ari garen estresaren eta desorekaren ondorioak”.
Kontua da ez zela hura izan gosetearen neguak medikuntzari egin zion ekarpen bakarra. Izan ere, gosetearen neguak iraun zuen bitartean, ospitalean zeuden haur batzuk nabarmen hobetu zirela konturatu zen Willen-Karel Dicke pediatra. Eta alderantziz: okerrera egin zutela, gerra amaitu zenean.
Dickek lehendik ere bazuen susmoa dietak eragin handia zuela ume horien osasunean. Izatez, janariekin proba dezente eginak zituen ordurako, eta frogatuta zeukan bananak mesede egiten ziela, eta baita ogia kentzeak ere.
Gosete-garaiak susmoak berretsi zizkion: haur gaixoek ez zuten bananarik jateko aukerarik izan, baina ezta ogirik ez gari-irinez egindako ezer ere. Eta, hala ere, inoiz baino osasuntsuago zeuden. Horrela konturatu zen kalte egiten ziena ogia eta irina zela. Ikertzen jarraitu zuen, eta umeei gariak eta beste zereal batzuek duten proteina batek egiten ziela kalte frogatu zuen. Zeliakoak zirela, alegia.
Hori guztia aintzat hartuta, eta gogorra den arren, arrazoia eman beharko diogu gertakari txarrenek ere mutur on bat badutela dioen esaerari. Honek gutxienez bi ere baditu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia