}

Txertaketa ez da nahikoa aldaera berriak agertzea galarazteko

2021/08/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

txertaketa-ez-da-nahikoa-aldaera-berriak-agertzea-
Garrantzitsua da neurriei eustea, txertaketa orokortu arte - Arg. Unesco

Txertaketa aurreratuen dagoen herrialdeetan, garbi ikusi da txertoak eraginkorrak direla. Hala ere, zientzialariek ohartarazi dute litekeena dela txertoei ihes egiten dieten aldaera berriak sortzea. Arrisku hori zenbatekoa den aurreikusteko, nazioarteko ikertzaile-talde batek eredu bat sortu du, hainbat faktore aintzat hartuta, tartean, SARS-Cov-2 birusaren transmisioa, mutatzeko gaitasuna, neurri ez farmakologikoen eraginkortasuna eta txertaketaren hedapena. 

Taldeak ondorioztatu du txertaketa ez dela nahikoa birusaren aldaera berriak sortzea eragozteko, eta ezinbestekoa dela birusaren transmisioa oztopatzeko neurri ez-farmakologikoei eustea, txertaketa osatu arte.

Scientific reports aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta nabarmendu dute hiru direla aldaera erresistenteak agertzea errazten duten faktore nagusiak: txertaketa-tasa txikia, inzidentzia handia, eta mutazio-tasa azkarragoa. Beste muturrean, mutatzeko arriskua ia guztiz desagertzen da, txertaketa osatu arte neurri ez-farmakologikoei eutsiz gero. Alabaina, ikertzaileak ez dira oso baikorrak, herrialde askotan txertaketa-tasa oso txikia baita oraindik.

Desagerraraztea ez da ezinezkoa

Bestalde, poliomielitisaren, baztangaren eta COVID-19aren birusek eragindako infekzioen azterketa konparatiboa egin dute —faktore tekniko, soziopolitiko eta ekonomikoekin—, eta ondorio honetara iritsi dira: “mundu osoan errotik kentzea bideragarria da”.

Zeelanda Berriko Otago Wellingtongo Unibertsitateko ikertzaileek zuzendu dute ikerketa eta BMJ Global Health aldizkarian argitaratu dituzte datuak. Haien arabera, SARS-CoV-2a desagerraraztea errazagoa da poliomielitisaren birusa baino gehiago, eta baztangarena baino nabarmen gutxiago. 

Baztanga 1980an eman zen desagertutzat, eta poliomielitisa eragiten duten hiru serotipoetatik bi desagertu dira mundu osoan.

SARS-CoV-2aren kasuan, ikertzaileek uste dute hori lortzeko funtsezkoa dela txertoaren onarpen handia ziurtatzea, eta birusaren aldaerei behar bezala erantzutea, puntu kritiko bat ahaztu gabe: nazioarteko lankidetza sendotzea “txertoen nazionalismoa” deitu dutenaren aurrean, eta faktore ekonomiko eta sozialik ez ahaztea.

Animalia gordailuetan birusak irauteari dagokionez, aitortu dute arazo bat izan daitekeela, baina, oraingoz, ez dirudiela larria denik.

Gainera, baztangarekin eta poliomielitisarekin ez bezala, COVID-19an osasun publikoko neurriak oso eraginkorrak direla azpimarratu dute, eta horren adibidetzat jo dituzte Asiako eta Pazifikoko zenbait lurralde. Haietan, SARS-CoV-2a kontrolpean izatea lortu da, luzez, neurri ez-farmakologikoak erabilita; ikertzaileen arabera, horrek erakusten du teknikoki posible dela koronabirus hau desagerraraztea.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia