Txertoak eta bizirik dirauenaren isuria
2021/08/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
COVID-19ari aurre egiteko neurrien artean, txertoak ari dira izaten arrakastatsuenak. Izan ere, larrialdiko baimena lortu duten guztiak oso eraginkorrak dira heriotza prebenitzen, asko jaisten dute gaixotasun larria garatzeko arriskua, eta transmisioa eteteko gai ere badira, neurri batean. Gainera, azaldu diren aldaera guztiekiko babesten dute, oraingoz.
Nolanahi ere, intzidentziaren gorakadarekin batera, gero eta infekzio gehiago diagnostikatzen ari dira txertatuta dauden pertsonen artean ere. Haietako batzuk ospitaleratu behar izan dituzte, eta heriotza-kasuak ere jaso dira. Hori dela eta, batzuek zalantzan jarri dute txertoen eraginkortasuna.
Espero izatekoa zen, baina, hori gertatzea. Are gehiago: txertaketa orokortutakoan, ospitaleratu gehienak txertatutako pertsonak izango direla iragarri dute. Eta, COVID-19an adinak hainbesteko eragina duenez, adinekoak izango dira ia guztiak. Heriotzak ere gertatuko dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, txertoak ez direnik eraginkorrak.
Irudipen oker hori birizik dirauenaren isuriaren bidez azal daiteke. Javier Alvarez Liébana matematikariak auto-istripuekin parekatu zuen Twitterren: istripuengatik ospitaleratzen diren gehienek jantzita zeramaten segurtasun-uhala. Hain zuzen ere, uhala jantzita ez dutenek arrisku handiagoa dute hiltzeko; haiek ez dira ospitalera iristen. Hortaz, ospitaleratutakoak ez dira hara iritsi uhala jantzita zeramaten arren, baizik eta uhala jantzita zeramatelako.
Gauza bera gertatzen da txertoekin. Horregatik, txertaketa hedatzeaz gain, garrantzitsua da inzidentzia ahalik eta txikiena izatea, zaurgarrienak babesteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia