Txertoak eta tenperatura
2020/12/02 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Zergatik gorde behar dira hotzean txertoak? COVIDari buruz ari naiz, noski. Bueno, oinarrian, Pfizer eta Modernako txertoek bi osagai dituzte, eta hotzean gorde behar izatearen arrazoia bi osagai horiek tenperaturarekin duten jokabidea da.
Lehenengo osagaia material genetikoa da, garrantzitsuena, honek eragiten baitio birusari. RNA mota bat da, RNA mezularia. Birusak proteinak ekoizteko behar du RNA. RNA horrek informazio zehatza darama; hain zuzen ere, gure zelulekin elkartzea ahalbidetzen dion proteina ekoizteko informazioa. Orduan, guk antzeko zerbait ematen badiogu, pixka bat aldatuta, birusak ez du lortuko ondo ekoiztea gure zelulak infektatzen dituen proteina hori. Beraz, txerto horien estrategia da imitaziozko RNA hori ematea birusari. Baina, material genetikoa da eta material genetikoa ez da oso egonkorra. Besteak beste, beroarekin desegiten da eta ez du funtzionatzen.
Bigarren osagaia lipidoak dira. Gantzak. Birusari ematen diogun RNA mezularia babestu egin behar da injektatzeko. Hala, lipidoz osatutako kapsulatan harrapatuta dago RNA hori txertoaren barruan. Txertoa gure zeluletara iristen denean, lipidoen kapsula puskatu egiten da eta RNA askatzen du, bere lana egin dezan. Baina lipido guztiek ez dute berdin jokatzen tenperaturaren arabera. Adibidez, olioa likidoa da eta txerriaren gantza solidoa giro tenperaturan. Bada, gauza bera gertatzen da lipido hauekin. Batzuk hobeto aguantatzen dute beroa eta beste batzuek okerrago.
Datu asko ez daukagu baina Pfizerren eta Modernaren txertoetan erabili dituzten osagaiak (RNAk eta lipidoek) ez dira berdin-berdinak, eta ez dute berdin jokatzen tenperaturarekin. Horregatik, lehena zero azpitik 80 gradutan gorde behar da eta bigarrena zeropetik 20 gradu inguruan. Bestela osagaiak galdu egiten dira. Desegin egiten dira.
Eta Oxfordeko txertoa, zer?
Txerto hori ere hotzean gorde behar da, baina askoz tenperatura altuagoan; 2 eta 8 gradu artean gordeta, nahikoa.
Kontua da honek benetako birus bat erabiltzen duela, adenobirus bat. Birusa desaktibatuta dago, ez du gaixotasunik eragiten, baina sasi-infekzio bat egin dezake eta horrek gure sistema immunologikoaren erantzuna pizten du. Hori da bere estrategia. Antigorputzak sortzen ditugu adenobirus horren aurrean, eta antigorputz horiek COVIDaren koronabirusaren kontra ere balio digute neurri handi batean (% 70eko eragikortasunez, gutxi gorabehera). Adenobirusa berez existitzen den birus bat denez, bere egiturak berak ematen dio egonkortasuna tenperaturaren aurrean. Egonkortasun gehiago behintzat, lipidoen kapsulan sartutako RNA puska batek duena baino. Etxeko hozkailu batek sortzen duen hotza nahikoa da txerto hau erabilgarri mantentzeko.
Zientifikoki hau oso interesgarria da, baina ez zientifikoki bakarrik. Txertoa banatzeko momentuan tenperatura baxuaren beharrak garestiagoa edo merkeagoa egiten du txerto bakoitza. Beraz, oso kontu garrantzitsua da.
Txertoari buruz asko hitz egiten ari gara. Baina, kontuz! Oraindik ez daukagu txertorik! Oraindik medikamentuen kontrola eramaten duten agentziek ez dute ezta bat ere onartu. Oraindik ez dira txertoak guztiz aztertu. Beraz, argi izan txertorik ez dugula, eta pandemia hau ez dela bukatuko datorren astean, ezta datorren hilean ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia