Txertoak ezbaian jartzen direnean
2011/07/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Azken hilabeteotan, elgorri-kasuak areagotzen ari dira Europan. Deigarria da, duela hamarkada bat osasun-arduradunek uste baitzuten gaitza desagertutzat jotzetik oso gertu zeudela. Hala jaso zuen, adibidez, Osakidetzak, elgorriaren aurka 2000. urtean martxan jarri zuen planean.
Orain, ordea, aurreikuspen haiek baikorregiak zirela ohartzen ari dira. Nature zientzia-aldizkariak maiatzean argitaratutako datuen arabera, 2010ean 30.000 kasu jaso ziren Europa osoan, aurreko bost urteetako batezbestekoa baino bost aldiz gehiago. Haietako asko Bulgarian izan ziren, baina, gerora, gaitza beste 33 herrialdetara zabaldu da. Alemania, Errusia, Herbehereak, Suitza, Britainia Handia... Aurten, lau kasutatik hiru Frantzian izan dira, eta Euskal Herrian ere izan dira batzuk, bereziki Gipuzkoan
"Batzuei ahaztu egin zaie elgorria oso larria izan daitekeela", esan zuen Rebecca Martinek, izurriaren harira prentsari egindako adierazpenetan. Munduko Osasun Erakundearen immunizazio bidez prebeni daitezkeen gaitzen bulegoko idazkaria da Martín, eta, haren iritziz, izurriaren arrazoietako bat da jendeak beldur handiagoa diola txertoari gaixotasunari baino, eta, horren ondorioz, txertatzeari uko egiten diola.
Alabaina, elgorriaren txertoa oso eraginkorra eta segurua da. Kasu bakan batzuetan txertoak albo-ondorio larriak dituela aitortzen dute osasun-arduradunek (milioi bat txertatuetatik batean, entzefalitisa sortzen du), baina funtsezkoa izan da milioika haurren heriotza saihesteko. Hain zuzen, 1980an, artean elgorriaren txertoa hedatu gabe zegoenean, urtean 4 milioi haur gaixotzen ziren mundu osoan, eta haietatik 2,6 milioi hil egiten ziren. 2009. urterako, berriz, elgorri-kasuak % 95 jaitsi ziren munduan, txertoari esker.
Lehen bezala, orain
Izatez, txertoen aurkako kritikak txertoak berak bezain aspaldikoak dira. Horren adierazle da 1901. urtean Bostonen izan zen baztanga-izurrian gertatutakoa. Baztanga hildako asko eragiten ari zen, eta, izurria gelditzeko, agintariek populazio osoa txertatzera derrigortu zuten; uko egiten ziona zigortzeko agindua ere eman zuten.
Neurria derrigorrezkoa izateak talde batzuen kontrako jarrera piztu zuen; orduan, Osasun Kontseiluaren lehendakariak erronka batekin erantzun zien: "Txertoen aurkako taldeen buruetako batek duen ideiarekiko fedea frogatu nahi badu, nik bere sinesmena adierazteko aukera emango diot, baztangarekin kontaktuan jarrita, aurrez txertatuta egon gabe". Pfeiffer doktoreak erronkari eutsi zion, eta ospitalera joan zen. Han, baztanga zuten ehun pazienterekin harremanetan jarri zuten.
Ospitaleko bisita hartatik bi aste igaro zirenean, Pfeiffer larri zegoela baieztatu zuten, eta halaxe argitaratu zuten prentsan: "Pfeifferrek baztanga du. Litekeena da txertoen aurkakoek bizirik ez irautea". Horren ondoren, 1903an baztanga-kasu bakan batzuk baino ez ziren izan Bostonen, eta 1932an aitortu zen azken kasua eskualde hartan.
Gaur egun ere badira txertoen aurkako taldeak, eta, haien jarrera azaltzeko ematen dituzten argudioen artean, derrigortasuna aipatzen dute batzuek. Ez da, dena den, argudio nagusia, oro har. Hain zuzen, txertoei uko egiteko lehen arrazoia beldurra da, osasunerako kaltegarriak izan daitezkeelako beldurra, batik bat.
Horren adibide garbia da txerto hirukoitz birikoak Britainia Handian sortutako izua. Izu horren oinarrian Andrew Wakefield sendagileak 1998an The Lancet aldizkari espezializatuan argitaratutako ikerketa bat dago. Lan hartan, Londresko Royal Free ospitaleko 12 haurrekin egindako ikerketa baten ondorioak eman zituen; haren arabera, elgorritik, hazizurrietatik eta errubeolatik babesten duen txerto hirukoitza autismoa eta beste asaldura batzuk izateko arriskuarekin erlazionatuta zegoen. Izan ere, haur horiek txertoa hartu ondoren gaixotu ziren; hesteetako arazoak izan zituzten, eta haietako zortzik portaera-arazoak izan zituzten; bereziki, autismoa.
Susmoak ez dira frogak
Ikerketa hark kritika asko jaso zituen: gaizki egina zegoen, ondorioak erabat okerrak ziren, ez zuen kausa-efekturik frogatzen inolaz ere... Gerora, zenbait ikerketa zorrotz egin dira txertoaren eta autismoaren arteko lotura argitzeko, eta bakar batean ere ez dute lotura hori egiazkoa delako zantzurik aurkitu. Azkenean, 2006an, The Lancet aldizkariak eta Wakefield berak barkamena eskatu behar izan zuten, ikerketaren zehaztasun-ezagatik eta ikertzaileen artean eta gizartean eragindako nahasteagatik.
Hala ere, argitalpen eskas hura nahikoa izan zen gizartean errezeloa pizteko, eta txertoen aurkako mugimenduak indartzeko--kontuan izan behar da The Lancet ospe handiko aldizkaria dela--. Komunikabideek ere zabalkunde handia eman zioten gaiari, eta, guztiaren ondorioz, jende askok txertatzeari uko egin zion. Hala, Britainia Handiko eskualde batzuetan, populazioaren % 70 baino ez dago txertatuta, eta horrek babesgabe uzten ditu milaka pertsona.
Berez, gaitzak kontrolpean izateko, txertatuen ehunekoak % 90-95 izan behar du, Munduko Osasun Erakundearen arabera (MOE). Hori horrela denean, taldearen immunizazio-maila nahikoa da txertatu gabe geratzen den ehuneko txiki hori babesteko (pertsona gutxi batzuek ezin dute txertorik hartu, osasun-arazoak dituztelako, eta beste batzuengan, berriz, ez dute eraginik). Aitzitik, txertatuen ehunekoa hori baino txikiagoa denean, izurriak sortzeko arriskua agertzen da.
Hori da, hain juxtu, orain gertatu dena; hau da, elgorriaren aurka txertatutako populazioaren ehunekoa ez da nahikoa izan populazio osoa babesteko. Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak ohartarazi duenez, bereziki bi adin-taldetakoak daude gaixotzeko arriskuan. Batetik, gurasoen erabakiz edo utzikeriaz txertatu gabe dauden haurrak; eta, bestetik, txertoa programan ez zegoelako txertoa hartu ez eta txikitan gaixotu ez ziren 25-40 urteko helduak. Horiei gehitzen zaizkie txertoa hartzeko oraindik txikiegiak diren haurrak, 15 hilabeterekin jartzen baita txerto hirukoitzaren lehen dosia.
Egoerari aurre egiteko, Europako osasun-arduradunek neurri bereziak hartu dituzte gaixoak isolatzeko, infekzioak prebenitzeko eta txertaketak areagotzeko. Horrekin batera, gizartea txertoen garrantziaz jabetzeko estrategiak aztertzen ari dira.
Joera indartsua
Hain zuzen ere, osasun-arduradunak oso kezkatuta daude txertoen aurkako taldeak hartzen ari diren indarrarekin. Internet da haien ideiak zabaltzeko tresna nagusia; beste hainbat gairekin gertatzen den bezala, webguneak euskarri eraginkorrak dira argudio faltsuei egiazkoen itxura emateko.
Journal of Medical Association aldizkari espezializatuak argitaratutako azterketa baten arabera ( Content and Design Attributtes of Antivaccination Websites ), webgune horietan azaltzen diren txertoen aurkako hamar argudio nagusiak hurrengoak dira, aipatuenetik hasita (webgune guztietan aipatzen dute) gutxien aipatutakora (erdietan baino gehiagotan azaltzen da): gaixotasun idiopatikoak eragiten dituzte, hau da, jatorri ezezagunekoak (autismoa da bat); immunologia-sistema asaldatzen dute; albo-ondorioak gutxiesten dituzte; txertoen politika etekin ekonomikoaren arabera erabakitzen da; immunitatea ez da eraginkorra edo ez da iraunkorra; norbanakoaren eskubideak bortxatzen ditu; txertoek gaixotasunei irauten laguntzen diete; homeopatia ordezko ona da; txerto-sorta batzuek albo-ondorio larriak dituzte; eta, azkenik, txerto konbinatuekin arriskua areagotu egiten da.
Azterketa hori Estatu Batuetan egin zuten arren, Europako webguneetan ere antzeko arrazoiak azaltzen dira. Eta horiexek entzuten dituzte baita pediatrek ere, seme-alabak txertatzeari uko egiten dioten gurasoen aldetik. Carlos González pediatraren esanean, halako gurasoak ez dira asko, baina bai lehen baino gehiago.
Espainiako Osasun Ministerioaren 2010eko datuetan ikus daitekeenez, haurren % 95ek txertoen egutegiari jarraitzen dio. "Txertaketa-maila hori egokia da populazioa babesteko", dio Gonzálezek. Baina zenbait ingurutan badago arriskua: "Haurrak ez txertatzea erabakitzen duten gurasoetako askok ezaugarri sozio-ekonomiko antzekoak dituzte, eta inguru berean bizi dira. Hortaz, eremu jakin horietan txerto-bidezko babesa txikiegia da, eta, horren ondorioz, gaitzak ager daitezke".
Ebidentzietan oinarrituta
Carlos Gonzalezentzat harrigarria da nolatan dauden guraso horiek Interneten irakurritako edo telebistan ikusitako edozer sinesteko prest, hain erraza izanda gezurra dela frogatzea. Dioenez, "Interneten bertan ikerketa ugari daude, adibidez, txerto hirukoitzaren eta autismoaren arteko erlazioa ezeztatzen dutenak, eta, erakunde ofizialen orrietan ere, gauza bera aurkituko dute. Baina ematen du jendeak nahiago duela Wakefieldi eta haren antzeko iruzurgileei sinetsi. Ulergaitza da, baina hala gertatzen da."
Uste oker horiei aurre egiteko, liburu bat idatzi du Gonzálezek, En defensa de las vacunas. Liburuan, txertoen aurka gehien erabiltzen diren argudio faltsuak aztertzen ditu banan-banan, eta haiek ezeztatzen dituzten datuak eta ebidentzia zientifikoak ematen ditu.
Besteak beste, herrialde industrializatuetan txertoak beharrezkoak ez direla diotenei erantzuten die. Haien esanean, difteria, kukutxeztula, polioa eta beste gaitz batzuk dagoeneko desagertu dira, eta, beraz, ez dago haien aurka txertatu beharrik. Alabaina, Gonzálezen esanean, gaitz horien prebalentzia hain txikia bada, txertoei esker da. Eta txertatzeari utziz gero, gaitzak berriro agertzeko arriskua dago.
Adibidez, Sobietar Batasuna banatu zenean, Europa ekialdeko herrialdeetan zailtasunak izan zituzten txertaketa-kanpainei eusteko. Horren ondorioz, 1993an, 15.000 gaixotu eta 470 heriotza eragin zituen difteria-izurri bat izan zen Errusian.
"Tamalez, oso gaixotasun gutxi desagerraraz daitezke guztiz", gogorarazi du Gonzálezek. Baztanga salbuespen bat da. Izan ere, baztangaren birusak pertsonei bakarrik eragiten zien, eta gaixoen beharra zuen bizitzeko, haiengan bizi zen. Gaixorik gabe, ez dago gaixotasunik. Birus gehienekin, ordea, ez da hori gertatzen: animalien bitartez transmiti daitezke, edo urte luzez iraun dezakete lurrean. Horregatik, txertoak ezinbestekoak dira gaixotasun horiek kontrolpean izateko.
Bestelako argudio askori ere erantzun die Gonzálezek liburuan. Guztiak iruditzen zaizkio garrantzitsuak, baina, zerbait nabarmentzekotan, hau utzi nahi du garbi: "ez da egia txertoak jartzen zaizkien adinean haurrak artean txikiegiak direla eta txerto gehiegi ematen zaizkiela batera".
Azaldu duenez, haurrak txertatzeko adina bi faktoreren araberakoa da. Goizegi jartzen badira, batzuetan ez dira eraginkorrak, "haurren immunologia-sistemak oraindik ez duelako erantzuten". Beranduegi jartzen badira, berriz, haurrak gaixotzeko arriskua dauka.
Hortaz, txertatzeko adina atzeratzeak infektatzeko arriskua areagotzen du. "Bestalde, jaioberriaren immunologia-sistemarentzat txertoak ez dira gehiegizkoak edo gogorregiak, batzuek uste dutenaren aurka. Jaiotzen den unetik, mota guztietako mikroorganismoek kolonizatzen dute haurra; horren ondoan, beste mikroorganismo batzuk hilda, inaktibatuta, edo haien zatiak gehitu baino ez dute egiten txertoek". Eta zenbait txerto batera emateko arrazoia da "elkarrekin ez dutelako bakarka baino albo-ondorio gehiago, eta praktikoagoa delako. Gainera, hartara gutxiagotan ziztatu behar da haurra".
Etorkizunerako estrategia
Carlos Gonzálezen liburuan ez ezik, beste leku askotan topa daitezke argudio faltsuei adituek emandako erantzunak; esaterako, MOEren webgunean, immunizazioaren segurtasunari buruzko atalean ( Six common misconceptions about immunization ).
Horrez gain, osasun-arduradunak arazoari irtenbidea emateko estrategiak lantzen ari dira. Txerto bidez prebeni daitezkeen gaixotasunen esparruan, Europako eta Estatu Batuetako adituak bat datoz estrategia horiek txertaketetan parte hartzen duten maila guztiei zuzendu behar zaizkien iritziarekin; hau da, gurasoei, osasungintzako langileei, osasun-sistemari eta txerto-ekoizleei eta komunikabideei.
Gurasoen kasuan, adibidez, lau gako aipatzen dituzte: informatu, argitu, ulertu eta ezeztatu. Osasungintzako langileen kasuan, berriz, etengabeko trebakuntzak du lehentasuna, eta, osasun-arduradunen eta ekoizleenean, konfiantzak eta segurtasunak. Azkenik, txertaketa-programen balioa hedatzeko tresna ezinbestekotzat jotzen dituzte komunikabideak.
Horrela espero dute oraingo paradoxari aurre egitea; alegia, berriro piztea kontrolpean zeuden gaitzak, beldurra galdu zaielako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia