Txertoak hobetzeko estrategia
2001/10/22 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia
Gaur egungo medikuntza, neurri handi batean behintzat, txertoen erabilpenean oinarritzen da. Hala ere, oraindik asko hobetu behar dira txertoak, eta horien eraginkortasuna hobetuko duten estrategiak garatzen ari dira ikertzaileak. Horretaz aritu dira, besteak beste, pasa den astean Parisko Pasteur Institutuan izan den Etorkizuneko txertoak: diseinu razionaletik garapen klinikora bilera zientifikoan.
Bilera horretan, lantzen ari diren azken estrategiak aurkeztu dituzte, hala nola azken urteotan pil-pilean dagoen teknika: txertoen eraginkortasuna hobetzeko ADN-zatiak erabiltzea. Bakterioen, birusen eta beste parasitoen aurkako txertoen eraginkortasuna hobetzeko erabiltzen dituztela adierazi du Dennis Klinman ikertzaileak.
Baina zergatik ADNa? Bizidun guztiok dugu oinarri bereko informazio genetikoa. Hala ere, bizidun batetik bestera aldaketak izaten dira. Bakterioen ADNak, adibidez, ornodunen ADNarekiko desberdintasun nabaria du.Bakterioen ADNak metilatu gabeko guanina eta zitosina base-pare ugari dauzka. Egitura bereziak sortzen dituzte horiek, eta CpG-guneak deitu zaie. Ornodunen kasuan ez da horrelakorik agertzen, eta, hori dela eta, ornodunek CpG egiturak arrotz modura ezagutzen dituzte; gorputzean egitura berezi horiek aurkitzean, arriskua datorren seinale! Horri erantzunez, gorputzaren sistema inmunea martxan jarriko da, eta patogenoen aurka prest azalduko da.
Horretaz baliatuta, ikertzaileek CpG egiturak imita ditzaketen ADN-zati txikiak sintetizatu dituzte. ADN horiek berez ez dute parasitoa deusezteko behar den mailako erantzun inmunea eragiten, baina txertoen laguntzaile modura erabil daitezke.
Talde batzuk B hepatitisaren aurkako txertoaren laguntzaile modura erabiltzen hasi dira. Birusez gain, beste agente zitotoxiko askoren aurrean babesa lortzeko erabil daitekeela adierazi du Klinman-ek, eta, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetan anthrax baziloaren aurkako txertoa hobetzeko erabiltzearen alde azaldu da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia